aTZOKOA egun borobila izan zen pirata txikien-tzat. Zapia buruan jarrita, beraien eguna ospatzera hurbildu ziren haur asko. Goizeko jokoak eta gero, arratsaldean abordatzeko ordua iritsi zen.

Bihurri kofradiaren eskutik, hiriko gazteenak portuko uretara sartu ziren beraien bandera lortzeko. Bustitzeko giro paregabea tokatu zitzaien gaztetxoei, eguzkiak bete betean jotzen baitzuen.

17.30ean hasi zen ekitaldia. Haur asko lehenago gerturatu ziren portura eta megafonian jarrita zeuden euskal abesti ezagunak dantzatzen ibili ziren beraietako asko. Asteleheneko abordaian bezala, Ezkila Kapitaina izan zen hasiera eman ziona. "Izan bihurri! Izan pirata!" oihukatuz, kapitainaren paperean sartu zen neskatilak beste haur guztiak jolastera animatu zituen. Honen ondoren, suziria jaurti zen. Bertan zegoen emakume bat ere mikrofonoa hartzera ausartu zen eta irrintzi batekin ume guztiak alaitu zituen.

Horren ondoren, abordaiari hasiera eman zitzaion. Haurrek Kontxako hondartzaraino joaterik ez zutenez, hauek joko bat egin zuten portuan bertan. Hamar pirautxo erabili ziren horretarako. Ontzi puzgarri bakoitzean hiru haur sartzen ziren, beraien kapitainaren lana egiten zuen heldu batekin batera. Bakoitzak bi koloretako bandera bat zuen aurrean, eta portuko beste leku batean zeuden zapietako bat hartu behar zuen talde bakoitzak, bere banderaren kolorea zuena. Banderako beste kolorea zuen beste taldearekin elkartu eta lurrera iristen zen lehenak irabazten zuen.

"Abordatzera!" garrasia zen hasiera ematen zuena. Orduan, pirautxotan zeuden haurrak arraunean hasi behar zuten, baina, asteleheneko abordaian ez bezala, beraiek eskuen laguntzaz egiten zuten arraun. Gainera, ibilbidea zailagoa izan zedin, uretan zeuden laguntzaileek ura botatzen zieten.

Denera bederatzi txanda izan ziren eta 200 haur inguruk hartu zuten parte ekintza honetan. Guztientzat mangitoak edo txaleko puzgarria eramatea derrigorrezkoa zen, inolako arazorik egon ez zedin.

Batzuk azken momentuan atzera egin arren, partehartzaile guztiak oso pozik atera ziren uretatik, irabazi nahiz galdu. Maren bere anaiarekin eta lagun batekin igo zen plastikozko ontzira. "Super ondo" pasa zuela esan zuen jokoa bukatutakoan, oso dibertigarria iruditu bai-tzitzaion uretan jolasteko modu hori. "Barku gainetik besteei bustitzea oso barregarria da", zioen.

Unax ere anaiarekin apuntatu zen abordaian. "Azkar azkar joan gara bandera hartzera, baina ez da dirudien bezain erraza", zioen zazpi urteko donostiar honek. Eskuekin arraun egitea zaila iruditu zitzaion, baina ez daki ea arraunen lagun-tzaz hobeto moldatuko zen.

Juleni ere ez zitzaion zirudien bezain erraza iruditu, baina aitaren laguntzari esker zapietara iristen lehenak izatea lortu zuten beraien txandan. "Aitak guk baino indar gehiago du, berak arraun egiten zuenean askoz azkarrago mugitzen ginen", kontatu zuen haurrak.

Jokoan parte hartutakoak edo beraien txanda itxaroten ari zirenak ez aspertzeko ere baliabide bat jarri zuen Bihurri kofradiak. Ezkilaren marrazkia zuen tabla bati, aurpegian zuloa egin zien, bertan pertsona bat jar zedin. Haurrek urez betetako belakiak zituzten, eta aurpegian jotzen ahalegintzen ziren. Denborapasa dibertigarria iruditu zitzaien askori.

June eta Irati behin baino gehiagotan saiatu ziren aurpegia jarrita zeukan mutilari jotzen. "Oso zaila da guk nahi dugun lekura botatzea distantzia honetan", zioen Junek. Hala ere, behin baino gehiagotan lortu zuten beraien helburua, eta izugarrizko barreak egin zituzten horregatik.

Hamasei urte bete arte ezingo dute handien abordaian parte hartu. Bitartean, aukera paregabea dute abordaia txikian parte hartu eta festan murgiltzeko.