Síguenos en redes sociales:

Astigarragak bihar, Isidro Deunaren Egunean, bi baserritar omenduko ditu

Berra eta Zubillaga goraipatuko dituzte aurtengo festan Buruntzaldea eskualdeko beste herritan ere (Hernani, Urnieta eta Usurbil) ospakizunak antolatu dira

Astigarragak bihar, Isidro Deunaren Egunean, bi baserritar omenduko dituJ. Aguirre

Astigarraga. Bihar Astigarragak Isidro Deunaren Eguna ospatuko du eta ohi bezala herriko baserritarrek egiten duten lan gogorra goraipatu eta herrikoen bistara ekarriko dute.

Goldea herri kirol batzordeak antolatu du festako programa eta beti bezala trikitixa, prozesioa eta meza, azoka, idi demak, bertsolariak eta bi baserritarrei egingo zaien gorazarrea agertzen dira. Aurtengo omenduak Prudentzia Berra (75 urte) Iriarte baserrikoa eta Inaxio Zubillaga (76 urte) Zimelurritza baserrikoa izango dira.

Santio mendiko Antzane (Bustieta Txiki) baserrian jaio zen Prudentzia Berra 1937ko azaroaren 5ean eta zortzi seme-alabarekin osatutako familiakoa da. Eskolan bi urte besterik ez zen egon baserriko lanak egitea gehiago gustatzen zi-tzaiolako. Hamabi urterekin Donostiako Bretxa azokan gingak saltzen aritzen zen aitaren laguntzarekin. Berak dioenez, 5.00etan jaikitzen zen 80 bat kilo saltzeko, fruitu horiek asko estimatzen eta ordain-tzen baitziren.

Inaxio Zubillagari dagokionez, 1937ko urtarrilaren 21ean Errenteriako Listorreta baserrian jaio zen. 30 urte zituenean, Zimelurritzako Dorotea Garmendiarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Gaur egun ere egunero joaten da Errenteriara, bezeroei esnea banatzera.

Beste herriak Astigarragan ez ezik, Buruntzaldeko beste herrietan ere baserritarren jaia ospatuko da bihar.

Esaterako, Hernanin jaia San Joan Bataiatzailearen elizan 11.00etan egingo den mezarekin hasiko da. Ondoren, 11.30ak aldera, Ezkiaga pasealekuan, nesken paleta partidua egongo da: Leire Lucas eta Garbiñe Tijero Eneritz Perez eta Garazi Jauregiren aurka arituko dira. Amaitzean, mutilen eskuz norgehiagoka hasiko da: Arrieta eta Aizpitarte eta Ojuel eta Lizeaga aurrez aurre egongo dira.

Usurbilen, Baserritaren Eguna ospatzeko egitarauari 10.30ean ekingo zaio Salbatore elizan egingo den meza nagusiarekin. Ondoren, hamaiketakoa dastatu eta herri kirolak ikusteko aukera izango da frontoian. 14.30ean bazkaria izango dute Artzabalen eta amaitzeko, 18.30ean herriko erraldoi konpartsarekin pintxo-poteoa antolatu da.

Azkenik, Urnietako baserritarrek nekazarien zaindariaren omenez hainbat ekintza ere prestatu dituzte, Udalarekin elkarlanean. Hala, antzinako ohiturei eutsiz, goizean, 11.00etan, meza egingo da herriko parrokian. Ondoren, Lekaio kultur aretoan hamaiketako goxoa eskainiko diete bertaratzen diren guztiei. San Isidro Egunaren ospakizuna biribiltzeko, zenbait bertsolarik bertso saio eder bat eskainiko dute kultur etxean bertan, 12.15ean.