Síguenos en redes sociales:

'Basarri', Zarautz maitearen jabe

inazio eizmendi bertsolariak ehun urte beteko lituzke aurten eta hazten ikusi zuen herriak gogoan izango du

'Basarri', Zarautz maitearen jabeZarauzko argazki artxiboa

"XX. mendeko bertsolari onenetarikoa izan zen". Hala gogoratu zuen Andoni Egañak Inazio Eizmendi Basarri, 1999ko azaroaren 3an 85 urte zituela hil zenean. Egun horretan, Torre Luzea parkean dagoen bertsolariaren omenezko bustoaren aurrean ondoko bertsoa bota zuen Jon Lopategik: "Maite zenuen geure euskera, / maite, Euskal Herri zaharra / hargatik bildu gintuzun denok / zeure bertsolaritzara. / Eskerrik asko, bejondeizula / zarauzko-errezildarra/geure gauetan zeruan lehenen / piztuko zaren izarra". Zarauztarren bihotzak hunkitu zituen euskaltzale amorratuaren herio-tzak eta egun ere gogoan dute askok bere lana. Horregatik, aurten 100 urte beteko lituzkeen bertsolariari omenaldi beroa egingo dio hazten ikusi zuen herriak.

Inazio Eizmendi 1913ko azaroaren 27an jaio zen Errezilgo Granada baserrian. Zazpi urte zituela etorri zen Zarautzera bizitzera, familia osoarekin. Bertan bizi izan zen hil arte. Hamaika urte bete arte soilik joan zen eskolara eta ikasketa gehiago egin ez bazituen ere, autodidakta zen eta kultura handiko pertsona bilakatu zen.

"Bidegilearen izen eta aitormenik inork merezi badu, Basarri bertsolariak merezi du, noski. Izan ere, asko eta askorentzat bidegile, erakusle eta maisu izan zen hura, bertsolaritzan bereziki. Baita euskarazko irratigintzan edo eguneroko euskal kazetaritzan ere". Joxemari Iriondo kazetariak Bidegileak bilduman idatzitako hitzek ederki azaltzen dute bertsolariak euskal kulturari eginiko ekarpen garrantzitsua. Izan ere, bertsolaritza taberna eta sagardotegi-zuloetatik plazara eta antzokira atera zituen Basarrik.

Bere gurasoek Zarauzko Azken Portu baserri-taberna erosi zuten eta bertan egin zuen lan familiak. Bertsolari ugari elkartzen zen tabernan eta han hasi zitzaion zaletasuna Inazio gazteari ere. Bertsoak inprobisatzeari ekin zion garai horretan.

historiako lehen txapelduna

Bertsolari, idazle eta kazetari

Ia ezezaguna zela, 21 urterekin, 1935ean egin zen lehen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea izan zen, Txirrita bera ere atzetik utziz. 1960. urtean berriro lortu zuen txapela, txapelketa 20 urtez ospatu gabe egon ondoren.

Gerra Zibilak harrapatu zuen Basarri. Bertsolaritzarentzat garai ilunak izan ziren gerraostekoak ere. Frankistek mehatxu bezala hartzen zuten euren jarduera, euskaraz aritzen zirelako. Honela, 1950. urte inguruan, Basarri Uztapiderekin batera, bertsolaritza bizirik mantentzeko Euskal Herriko landa eremuetan ospatzen ziren festetara joaten hasi zen. Garai horretan oso ospetsua bihurtu zuten artikuluak ere idatzi zituen. Kazetari-bertsolaria Euskal Herriko ondoko egunkarietan aritu zen idazten, euskaraz zein gazteleraz: El Día, Euzkadi, El Pueblo Vasco, Argia, La Voz de España eta El Diario Vasco. "Herri honen sentimenduak eta pentsamendua ongien adierazi duen kronista izan zen. Bere bertsoekin eta kazetaritza lanarekin erreferente bihurtu zen. Euskara inork ez bezala defendatu zuen", gogoratu zuen Egañak hil zenean.

"La Voz de Gipúzcoa irratian baimena lortu zuen eta Maria Dolores Agirrerekin programa bat euskaraz egiten hasi zen 1956an. Debekatua zegoen, baina proiektuak aurrera ateratzeko abilidadea zuen", nabarmendu zuen aste honetan, urteurreneko ekitaldien aurkezpenean, Eusko Ikaskuntzako Jose Mari Arrazolak. Gaurkotasun-albisteen informazioa irakurtzeko zaletasuna ez zuen galdu aitona zenean. Hala jakinarazi zuen Zarauzko Kultura zinegotzia den Gari Berasaluzek. Taberna batean zerbitzari lanak egiten zituela ikusten zuen maiz 80 urteko bizilaguna. Beti kafesne epela eskatu eta garaiko hiru egunkariak eskatzen zizkion: El Diario Vasco, Egin eta Egunkaria. "Askoz hurbilago sentitzen nuen 80 urteko aitona hura, mozkorkeria giroan aritzen ziren gazteak baino. Ordurako Ohorezko Euskaltzaina ere bazen eta miretsi egiten nuen", azaldu zuen.

Zarauzko Motxian bertso eskolak egin zion azken omenaldia. Santa Ana zaharren egoitzan zegoela bisita egin zioten. "Bertako langileek esan ziguten ez zela gauza askotaz konturatzen. Baina gure sorpresarako, sekulako bertsoa bota zigun. Honela hasi zen: Geure buruaren jabe gera eta ez inorren maizterrak. Hantxe geratu ginen denak jotama", adierazi zuen Iñigo Manzisidor Mantxik. Bere buruaren jabe eta aurten, dudarik gabe, oso maite zuen Zarautzen jabe.