Donostia. Orixe bertso txapelketaren 14. edizioa abiatuko dute gaur gauean Añorgan. Hala, gaur eta datorren ostiralean izango diren afarietan erabakiko dute hilaren 22an jokatuko duten finalerako zeintzuk sailkatuko diren.

Guztira hamabi bertsolari lehiatuko dira: gaur sei arituko dira Lukainkategi jatetxean egingo duten afarian (22 euro; Añorga Kultur Kirol Elkarteko bazkideentzat, 20) eta datorren astean, beste seiak Gure Kabia elkartean (17 euro; AKKEko bazkideentzat, 15) arituko dira bertsotan. Zehazki, gaur Iñaki Gurrutxaga, Nahikari Gabilondo, Beñat Ugartetxea, Iñigo Izagirre, Aitzol Barandiaran eta Miren Artetxeren txanda izango da eta datorren ostiralean Iñigo Manzisidor Mantxi, Oihana Bartra, Andoni Otamendi, Felix Zubia, Xabier Sukia eta Iñaki Zelaia arituko dira nor baino nor. Afariak 20.30ean hasiko dira eta saioak, 22.30ean.

Ofiziotan aritu beharko dute zor-tziko nagusian, zortziko txikian eta hamarreko txikian, banaka puntuei erantzun beharko diete eta Kartzelako lanean, hamarreko nagusian, azken puntua emanda, bertso bana osatu beharko dute. Gainera, gaia emanda, beste bina bertso kantatuko dituzte, doinu eta neurri librean.

Saio bakoitzean puntu gehien jasotzen dituzten bi bertsolariak pasako dira finalera zuzenean eta bi saioetako puntuazio handiena jasotzen duten beste biak izango dituzte lagun. Finala Jolas-Etxea elkartean izango da, saio bakarrean, afari ostean. Egun horretako afariak 18 euro balio ditu, 16 bazkideentzat.

Txartelak Jolas-Etxea tabernan jarriko dira salgai saio guztietarako.