Síguenos en redes sociales:

Jolasean ere haurrek euskara erabil dezaten ekimena abiatu dute Martutenen

'parketarrak' egitasmoak urrian arrakasta izan zuen eta hil honetan errepikatuko dute Asteartetan Urtxintxako teknikariak umeekin eta haien gurasoekin arituko dira, euskarazko jolasak erakusten

Jolasean ere haurrek euskara erabil dezaten ekimena abiatu dute MartutenenGorka Estrada

Donostia. Helburua haurrek aisialdian eta parkean ere euskaraz mintzatzea da. Horretarako, Parketarrak ekimena jarri zuen abian Udalak urrian Martutenen: orduan arrakasta izan zuen eta hilabete honetan errepikatu egingo dute. Hitzordua asteartero dute guraso eta hiru eta bederatzi urte bitarteko seme-alabek, auzoko parkeetan.

Atzo ekin zioten bigarren fase honi. Urtxintxa eskolako teknikarien laguntzarekin, euskaraz ari-tzeko jolasak ikasi zituzten gaztetxoek eta haien gurasoek, gero haien kabuz ere lantzen jarrai-tzeko.

Bi taldetan banatu zituzten atzo haurrak: alde batetik, hiru eta bost urte bitartekoekin aritu ziren jolasean Martuteneko parkean; sei eta bederatzi urte bitartekoekin, berriz, futbitoko zelaiaren ondoko parkean bildu ziren. Ordubetez (17.00etatik 18.00etara) Urtxintxako dinamizatzaileekin aritu ziren, jolas eta joku berriak ikasten. Ondoren, haien kabuz jarraitu zuten jolasean, gurasoak ondoan zituztela.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Martuteneko Euskara Batzordeak elkarlanean antolatu dute Parketarrak ekimena. Esan bezala, helburu nagusia familiek eta haurrek parkean ere euskaraz egitea da. "Jolasak lagungarriak dira horretarako, haien bitartez hizkuntza lantzen baita, batetik, eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da, bestetik", azaldu dute udal iturriek. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen dute gaztetxoek horrela eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua da.

"Garrantzitsua da haurrek ikustea ez dutela nahitaez gaztelerara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurki-tzeko", gaineratu dute Euskara Zerbitzutik. Horretarako, eguneroko jolasetan ohikoak diren abestiak eta esamoldeak euskaraz nola esan ditzaketen erakutsi zieten Urtxintxako dinamizatzaileek atzo.

Momentuz Martutenen ari dira Parketarrak programa lantzen baina emaitzek positiboak izaten jarraitzen badute, Udalak beste auzoetara zabal dezake programa hau.