donostia. Donostiako lehen konposta gunea zabaldu zuten atzo Añorga Txikin. Hesiekin itxitako gune txiki bat da eta barruan lau konpostagailu dauzka. Hemendik aurrera, ekimen honetan parte hartzeko izena eman duten 16 familiek etxean sortutako hondakin organikoak konpostagailu horietan botako dituzte. Bertan sortuko den konposta nahi izanez gero, parte-hartzaileek har dezakete; bestela, Udalak jasoko du.

Añorgatarrek jaso dute dagoeneko ikastaro bat konposta nola egiten den ikasteko. Atzo gunearen aurkezpena egin zuten teknikariek eta udal ordezkariek eta zuzenean ikusi zuten hemendik aurrera nola funtzionatuko duen. Etxetik kubo marroian bildutako zabor organikoa jaitsi eta konpostagailuan bota beharko dute (ez da beharrezkoa kuboa bete arte itxarotea, herritarrek nahi dutenean eraman baitezakete zaborra). Ondoren, gunean bertan dagoen beste ontzi batetik material lehorra hartu eta konpostagailuan sartu beharko dute, hondakinen hezetasuna konpentsa-tzeko eta konposta sortzeko prozesua laguntzeko. Parte-hartzaileak bi taldetan banatu dira eta bakoitzean arduradun bat ere badago: horrek noizbehinka konpostagailu barruko materiala mugitu beharko du prozesua arintzeko.

"Hondakinak murriztu behar ditugula konturatzen gara eta horretan denok parte hartzea ezinbestekoa da", azaldu zuen atzo Carlos Gereñu añorgatarrak. Ekimenean parte hartzeko izena eman duen auzotarretako bat da eta atzo sistemak nola funtzionatzen duen ikustera gerturatu zen. "Erraza dirudi, etxean jada bereizten ditugu zaborrak eta orain kubo marroia ere jartzea eta material organikoa hor botatzea ez da zaila", gaineratu zuen.

81 familia Ekimenean parte hartuko duten añorgatarrez gain antiguotarrak eta igeldotarrak ere izan ziren atzoko aurkezpenean. Izan ere, Añorga Txikikoaren ondoren, datozen hilabeteotan antzeko guneak zabalduko dituzte auzo horietan, baita Zubietan eta Aieten ere.

Guztira, Añorga Txikiko, Antiguako, Aieteko, Zubietako eta Igeldoko herritarrak batuta, 81 familia izango dira etxeko hondakin organikoak tratatuko dituztenak hiriko lehen bost konposta guneetan (orain arte izena eman dutenak horiek dira). Hala ere, Añorga Txikin oraindik familiaren batek apuntatu nahi badu aukera badaukala esan zuten atzo ekimenaren kudeatzaileek.

Hala, auzoetako konposta guneen bitartez, "urteko 17,5 tona bio-hondakin konpostatuko dira gutxienez", adierazi zuen atzo Axier Jaka Ingurumen zinegotziak. Dena den, bost gune hauek ekimen honen lehen fasean aurreikusten dituzte, gerora hiriko gainerako auzoetara zabaldu nahi baitituzte konpostagailu guneak.

"Auzo konposta oso garrantzitsua da eta zaborren kudeaketa ardura-tsua lortu behar dugu", gaineratu zuen zinegotziak. Ildo horretan, hondakinen kudeaketa erakundeen, alderdi politikoen eta herritarren erantzukizuna dela zabaltzeko kanpaina berria jarri du martxan Donostiako Udalak, Hiri hondakinak. Joko garbia lemapean.