"200 urte betetzen dira aurten Donostia erre zutenetik, 100 urte Raimundo Sarriegi hil zenetik eta lehenengo aldiz hiriko antzinako ereserkia joko dugu. Ohorea izango da igandean ia 5.000 haur zuzentzea". Argi eta garbi hitz egin zuen atzo Aimar Ezeiza gazteak. Ikasbideko ikaslea da eta hari egokitu zaio aurten Haur Danborradan Danbor Nagusi izatea. Mikroaren aurrean agertutako lasaitasunez eta sendotasunez zuzentzen baditu danborjoleak seguru arazorik ez duela edukiko.

Harekin batera Larramendi ikastetxeko gazteak zeuden, gainerako karguak eskola honetako ikasleek beteko baitituzte. Horien artean, Sara Huegun jenerala egongo da. "Egun handia da eta inguruko guztiek ere ondo pasatzea espero dut", esan zuen atzo Huegunek, jeneral jantziak soinean jada Haur Danborradaren aurkezpenean. Ondoan Paula Gómez zeukan, aurtengo Easo Ederra. "Bizitzan behin gertatzen da hau eta disfrutatzeko eguna izango da", gaineratu zuen neskak.

Ohi bezala, Danbor Nagusiarekin, Jeneralarekin, Easo Ederrarekin, laguntzaileekin eta damekin batera, palafrezainak ere egongo dira igandeko desfilean: Aimar Pérez, Aitor Paradela, Jon Jiménez, Iker Nevado, Oier Olalde eta Unax Gil arituko dira lan horretan. Eta, iaz bezala, garai hartako herri xehea ordezkatzeko bestelako pertsonaiak ere izango dira Haur Danborrada itxiko duen karrozan: batelariak, iñudeak, iruleak eta urketariak.

Guztira aurten 4.766 gaztetxo izango dira Alderdi Ederren, Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak atzo agertu zuen moduan. Eta ohiko ibilbidea hasi aurretik eta San Sebastian Eguneko martxa jo ondoren, guztiek batera hiriko antzinako ereserkia joko dute Alderdi Ederren, aurtengo berrikuntza.

Berrikuntza izango ez dena desfilean parte hartuko duten gaztetxo eta familia guztientzat aurreko egunetan zeruari begiratzea izango da. "Badirudi hotza egingo duela baina euririk ez", iragarri zuen atzo Txapartegik. Dena den, euria egingo balu eta, iaz bezala, desfilea bertan behera geratuz gero, hurrengo egunean aterako lirateke Haur Danborradako kideak, hilaren 21ean (jai eguna izango da Donostian). Egun horretan ere euria egingo balu, hilaren 27ra arte atzeratuko litzateke festa. "Baina hori ez da gertatuko", esan zuen Txapartegik, baikor.

victoria eugenian festa Egun handiaren aurretik, ohi bezala, festa ere izango dute Haur Danborradako ordezkariek. Ostiralean izango da, Victoria Eugenia antzokian. Desfilearen aurkezpen ofiziala izango da eta konpainia guztietako kideek hartuko dute parte.

Aurten Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia izango dute ikusgai festa horretan, jimnasia erritmikoko taldea ere ezagutuko dute eta baita hockeyko Realeko nesken taldea ere. Kontuz Atsuak telebistako programako Maikrux ere igoko da taula gainera ostiralean haurrak agurtzera eta, ohi bezala, sorpresaren bat ere izango dute gaztetxoek.

l Danbor Nagusia. Aimar Ezeiza gaztea izango da gainerako danborrak zuzenduko dituena, Ikasbide ikastetxeko ikaslea. Kasu honetan ikastetxea ez da zozka-tzen, txandaka aukeratzen da ikastola bat bestearen atzetik desfilean duten antzinatasunaren arabera.

l Jenerala eta laguntzailea. Sara Huegun gaztea izango da jenerala eta Sara Ochoa izango du lagun-tzaile. Biak Larramendi ikastetxekoak dira.

l Easo Ederra eta damak. Karrozan joango dira Paula Gómez Easo Ederra eta Nahia Varela eta Garazi Altuna damak. Larramendi ikastetxekoak dira hauek ere.

l Herri xehea. Herri xehea ordezkatzen Larramendi ikastetxeko Susana Garrido eta Miriam Estébez batelariak izango dira, Arantxa Álvarez eta Nerea Rebollo iñudeak, Zaloa Lubeigt eta Sara Alonso iruleak eta Maider Belver eta Oihane González urketariak. Hauek ere karrozan joango dira.

l Palafrezainak. Aimar Pérez, Aitor Paradela, Jon Jiménez, Iker Nevado, Oier Olalde eta Unax Gil izango dira aurtengo palafrezainak. Larramendi ikastetxekoak dira hauek ere. Seiek kalesan desfilatuko dute, karrozaren aurretik.