Eskualdean hika erabiltzeko ikastaroa antolatu dute
Mintzalagun taldeak sortu nahi dituzte eta izena emateko epea zabalik da
zarautz. Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko Euskara Zerbi-tzuek ikastaroa antolatu dute, hika hizketan hasteko urratsa egin nahi dutenentzat. Horretarako, lehendabizi, ikastaro labur bat egingo dute partehartzaileek (hamar orduko ikastaroa, bina orduko bost saio) eta ondoren mintzalagun taldeak sortuko dira, lau astez hika aritzeko (astean saio bat).
Animatzen direnek prestakuntza jasoko dute eta hika aritzeko arauak ikasiko dituzte: egoerak, solaskideak, adizkiak... Mintzalagun taldeei dagokionez, astean saio bat egingo dute 90 minutukoa eta partehartzaileei konpromisoa eskatuko zaie ikastaroa egin eta lau astez mintzalagun taldeetan aritzeko. Prestakuntza ostegunetan, bi orduz eskainiko dute, 18.00etan edo 18.30ean hasita. Urtarrilak 24, 31 eta otsailak 7, 14, 21 izango dira eskolak. Izena emateko epea amaituko da urtarrilaren 21ean eta 943 130175 (AEK), edo 943 890808 (Mankomunitatea) telefono zenbakietara deituz egin daiteke.