Síguenos en redes sociales:

"Lehen gehiago baloratzen zen janaria: eserita jaten zen eta egun, berriz, baxoerdia edaten den bitartean"

Iburreta tabernako Ana Aranburuk irabazi du aurten buzkantzarekin egindako pintxoen lehiaketa. Aranbururen amaren izeba batek ireki zuen Iburreta eta Zumarragako taberna zaharrena da. Lehiaketaren irabazleak bizitza osoa darama lapiko artean

"Lehen gehiago baloratzen zen janaria: eserita jaten zen eta egun, berriz, baxoerdia edaten den bitartean"A.Z

zumarraga. ¿Noiz ireki zen Iburreta taberna?

Gure amaren izeba batek ireki zuen: Juana Baztarrikak. Gerra garaian dagoeneko taberna martxan zegoen. Iburreta baserritik etorri ziren hona, 1930 inguruan. Gure ama gurasorik gabe gelditu zen eta bere izebak hartu zuen. Hori dela eta, zortzi urtekin dagoeneko laguntzen hasi zen.

¿Noiz hartu zuen taberna zuen amak?

Ezkondu zenean. Orduan hartu zuen erretiroa bere izebak. Izebak beste alaba batzuk zituen, baina horiek ez ziren hemen gelditu.

Iburreta Zumarragako taberna zaharrenetakoa da.

Hala da. Korta eta Kortaberri agian zaharragoak izango dira, baina horiek jabez aldatu dute eta hemen hasierako familia berberak jarrai-tzen du. Etxeberrikoa eta gurea dira ostalaritzan urte gehien daramaten familiak.

Umetatik ezagutzen duzu taberna.

Bai. Hemen jaio nintzen. Jende artean ematen genuen eguna. Bezeroei zerbitzatu beharra zegoen eta etxekoak bazkaltzen azkenak ginen beti. Lehentasuna kanpokoek zuten, noski.

Aitak ere hemen lan egin al zuen?

Aita CAF enpresatik Irimora etorri zen lanera eta gure etxean egon zen apopilo. Hala ezagutu zuen gure ama. Azken urteetan tabernan lan egin zuen, baina oso gazte hil zen.

Nola gogoratzen duzu tabernako giroa orduan?

Gauzak asko aldatu dira. Beti hemen gaudenez, denak berdin jarraitzen duela iruditzen zaigu, baina, konturatzen ez garen arren, aldaketa etengabea da. Azken finean, gure eginbeharra jendearen beharrak asetzea da eta beharrak aldatu egiten dira. Ama sukaldari oso ona zen. Gazte garaian Bilbon ikasi zuen eta hemen banketeak ematen zituen. Garai hartan eztei-oturuntzak egungoak baino txikiagoak ziren. Alargun gelditu zenean, 60ko hamarkadan, jangela berritu zuen. Garai hartan lan asko egin zuen, baina ondoren eztei-oturuntza handiak modan jarri ziren. Hori dela eta, hemengo jangela txikia gelditu zen.

Herritik kanpoko jendea ere etor-tzen al zen?

Herriaren bilakaerak eragin handia izan du gure lanean. Garai batean apopilo asko zeuden herrian eta bazkari asko ematen ziren. Orbegozon, Irimon... jende askok lan egiten zuen garaiaz ari naiz. Ondoren, enpresetan jangelak jarri zituzten eta Urretxu eta Zumarragako jatetxeek horrenbeste bazkari emateari utzi zioten.

Nola gogoratzen duzu ama?

Dominika Baztarrika zuen izena. Etxe honek berari esker eutsi dio. Oraindik, Santa Lutzi egunean, jendeak berari buruz hitz egiten dit: Dominikaren alaba zu al zara? Gu askotan etortzen ginen berarengana. Ilusioa egiten dit jendea oraindik amarekin gogoratzeak, noski. Kontuan izan behar da etxe honetan apopilo asko izan zirela, emakume asko amarengana etorri zirela ikastera...

Sukaldaritza eskola ere bazuen, ala?

Eeez... Garai hartan, ezkondu aurretik emakumezkoek josten, kozina-tzen eta bestelako etxeko lanak egiten ikasten zuten. Hori zen euren karrera. Hori dela eta, emakume asko pasatu ziren hemendik. Umea nintzenean taberna beti jendez gainezka zegoela gogoratzen dut. Ez dut ulertzen nola kabitzen zen horrenbeste jende. Horretan gauzak asko aldatu dira. Egun, jatetxeetan eroso egotea gustatzen zaigu eta toki asko behar dugu. Lehen, eztei-ospakizunetarako, Uribesalgo arotza etortzen zen mahai luzeak egitera.

Zein zen zuen amaren plater kuttuna?

Asko ziren ondo prestatzen zituenak. Garai hartan ere modak zeuden. Sukalde kontuan oso jantzia zen: Bilbon ikasi zuen, asko irakurtzen zuen eta abila zen. Adineko jendeak amak egiten zuen legatza gogoratzen du oraindik. Bera izan zen hemen legatz betea prestatzen lehena, souffléa egiten zuen...

Ama izan al zen zure irakaslea?

Dakidan gehiena amarekin ikasi nuen, bai. Dena den, ezkondu aurretik Arzak jatetxean eman nuen uda bat. Garai hartan Arzakek ez zuen oraindik egun duen ospea.

Gustura aritu al zinen Arzaken?

Oso gustura. Aurkikuntza handia izan zen. Gauza asko ikasi nituen. Kontuan izan behar da garai hartan hasi zirela sona hartzen euskal sukaldariak.

Noiz hartu zenuen zuk jatetxea?

Ahizpa guztiak pasatu ginen hemendik eta nik duela 16-17 urte hartu nuen tabernaren eta jatetxearen ardura. Ixtea edo jarraitzea erabaki behar genuen eta jarraitzea erabaki nuen. Horretarako, taberna eta sukaldea berritu nituen.

Gustura al zaude azken 16-17 urte hauetan egindako lanarekin?

Beldur handia nuen, baina urte politak izan dira. Ezin naiz kexatu. Jendeak ondo erantzun du. Dena den, lan gogor samarra da.

Nork esango zizun pintxo lehiaketak irabaziko zenituela...

Esan bezala, gauzak aldatu egiten dira. Garai batean ez genituen pintxoak eskaintzen, txorizo egosia eta salda bakarrik. Ondoren, frijituak eta tortilla egiten hasi ginen eta orain pintxoak modan daude. Azken urteotan kontsumo ohiturak aldatu egin dira: nahiago dugu gauza merke asko, gauza garesti bakar bat baino. Lehen gehiago baloratzen zen janaria. Eserita jaten zen. Egun, baxoerdia edaten dugun bitartean jaten dugu.

Zer diozu pintxo lehiaketez?

Herrian antolatu zen lehena irabazi nuen: Akelarre elkarteak 25 urte bete zituenean antolatu zuena. Txerri-hanka eta txerri-belarriekin egindako terrinarekin irabazi genuen. Ordura arte ez zuen inork eskatzen eta ondoren klasikoa bihurtu da.

Pintxo lehiaketetan parte hartzea gogorra al da?

Bai. Zumarragan bi lehiaketa antolatzen dira eta udazkenekoan derrigor buzkantza erabili behar da. Ez da erraza urtero zer edo zer asma-tzea. Gainera, pintxo asko atera behar dira denbora gutxian eta guztiak beroak, noski. Aurten buzkan-tzarekin eta kalabazarekin egindako flana aurkeztu dugu.