Síguenos en redes sociales:

Oiartzundik Errekaldera bizikletan

herrera eta errekaldeko bidegorriak amaituta, posible da arditurritik añorgaraino 23 kilometro txirrindan egitea

Oiartzundik Errekaldera bizikletan

DONOSTIA Erdialdeko bidegorri sarea egokia zela eta erronka inguruko herrietara luzatzea zela zioten txirrindulari elkarteek. Bada, azken hilabeteotan bide berriak zabaldu dituzte: ez dira oso luzeak baina bai ezinbestekoak lotura lanak egiteko eta posible izateko gaur egun Oiartzundik ia Lasarte-Oriaraino (momentuz, Errekalderaino) 23 kilometro egitea bizikletatik jaitsi gabe, Donostia zeharkatuta.

Ekialdetik hasita, Arditurriko bidegorritik abiatu, Errenteria eta Pasai Antxo zeharkatu eta bide hori Donostiako sarearekin lotzea falta zen duela bi urte. Hutsunea Buenavista ingurutik Ategorrietaraino zegoen, puntu horretara Erdialdeko sarea heltzen baitzen.

Hutsune hori murrizten hasi zen 2011ko hasieran, Buenavistatik Herrerarainoko bidegorria zabaldu zutenean. 1,2 kilometroko luzerarekin, Jose Elosegi hiribideraino heltzen zen, hain zuzen, EuskoTreneko estazio berria egiten ari ziren punturaino. Obra horien beste aldean beste zati garrantzitsu bat zabaldu zuten 2011ko irailean: Txaparreneko bidegorria egokitzeko lanak bukatu zituzten. Hala, Herrera inguruko atzealdetik abiatu, A-8ko sarreraren gainetik zubi bat eraiki eta garai batean tranbiak erabiltzen zuen Txaparreneko tuneletik Intxaurrondoraino luzatu zuten bidegorria. Handik, Txaparreneko pasealekutik jarraitzeko aukera dute txirrindek Ategorrietara heldu arte. Beste 1,65 kilometroko obra izan zen.

Bada, bi zati horiek zabalik, Herrerako inguruan bakarrik geratzen zen hutsunea: Topoko lanak bukatuta, duela aste ba-tzuk zabaldu zuten metro gutxiko luzera duen bidegorria baina Erdialdeko sarea azkenean Donostiako ekialdearekin eta Oarsoaldearekin lotzen dituena.

añorga txiki-errekalde

Hego-mendebalderaino

Donostiako hirigunea zeharkatu (Ategorrietatik Grosera, Erdialdera, Kontxatik Ondarretara eta Antiguatik Errotabururaino) eta hego-mendebaldeko loturaren zain zeuden, baita ere, inguru horretako herritarrak.

2006ko maiatzean lotu zuten Errotaburu Añorga Txikirekin, trenbidearen ondotik doan bidegorri zatiaren bitartez, baina bideak ez zuen jarraipenik duela gutxi arte: EuskoTrenek bide bikoiztu berria estreinatu eta trenbide zaharra erabiliko ez zutenez, bidegorri zati berri bat egokitu zuen Aldundiak Añorga Txikitik Errekalderaino. Abuztuan zabaldu zuten eta 1,6 kilometroko luzerarekin, Errekalde inguruko bizilagunak Donostiarekin lotu zituen.

Asmoa da bide horrek Lasarte-Oriaraino jarraipena izatea baina, momentuz, zein bide den egokiena aztertzen ari dira Gipuzkoako Aldundiko arduradunak.

30 guneak

Erdialdean, estuagoa

Ekialderantz eta mendebalderantz luzatzeaz gain, Erdialdeko sarea estuagoa egiteko ekimenak ere egin ditu azkenaldian Udalak. Besteak beste, Amara Berritik Kontxa ingururaino beste itinerario bat zabaldu zuen berriki.

Gainera, Bulebarrean esklusiboki bizikletentzako bidea ere egokitu zuen 2010ean, oinezkoekin txirrindulariek izaten zituzten arazoak ekiditeko.

30 kilometroko abiadura gehienez onartzen duten guneen sorrerak ere bidegorri sarea aberastu du. Antiguako, Erdialdeko eta Groseko hainbat kaletan mugatu zuen abiadura Donostiako Udalak 2010eko bukaeran. Autoen abiadura murriztuta, kale horietan ere lasai ibiltzeko aukera eman zien txirrindulariei, konbibentziazko edo elkarbizitzako gune bihurtuta.

asmoak

Etorkizunean

Bada, Udalaren asmoa, alde batetik, 30 kilometroko muga hiriko beste auzoetako kaleetara zabaltzea da; bestalde, beste bidegorri berri bat zabalduko du, baita ere, Grosen: Nafarroako hiribidean, hain zuzen ere, Zurriolako bidea Ategorrietakoarekin lo-tzeko.

Erdialdeko sarea estututa eta ekialdera eta hego-mendebaldera luzatuta, batez ere auzo aldapa-tsuekin loturak hobetzea dira, egun, Donostiako bidegorri sareak aurrean dituen erronkak.