Síguenos en redes sociales:

Petra Elser eta Joseba Labakak botako dute Urnietako jaien txupinazoa

"Lan soziala egiteagatik eta elkartasuna sustatzeagatik" omendu nahi ditu UdalakAsteburu honetan Sanmiel festen aperitiboa izango da, kirola, musika, azoka eta dantza nagusi direla

Petra Elser eta Joseba Labakak botako dute Urnietako jaien txupinazoaN.g

Urnieta. Protagonista asko dituzte Urnietako Sanmiel jaiek eta horietako bi Petra Elser eta Joseba Labaka izango dira. Banaiz Bagara elkarteko kideak eta Urnietako Mendi Lasterketaren antolatzaileak jaurtiko dute datorren ostegunean jaietako txupinazoa udaletxeko balkoitik, baina asteburu honetan jaien aurreko aperitiboa izango da Urnietako, askotariko ekitaldiekin.

Udalak Petra Elser eta Joseba Labaka omendu nahi izan dituzte aurten, "biek lan soziala egitearen eta elkartasuna bezalako baloreak sustatzearen meritua bereganatua dutelako". Banaiz Bagarak beste herrialdeetatik etorritako pertsonen artean euskara ezagutarazten egiten du lan eta horrek, nola ez, elkarbizitza aberasten du. Bere aldetik, Joseba Labaka izan da apirilean egindako Urnietako I. Mendi Probaren sustatzaile nagusia. Hain justu, Aspanogi-Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteari laguntzeko xedez sortutako ekimena da mendi proba.

Baina ez dira protagonista bakarrak izango. Udalak Presentación de María ikastetxeko Sor Mónica eta 2004ean zendu zen Iñigo Iruin salesiarra omenduko ditu. Biak izango dira omenduak, Iruinen kasuan hilondoko omenaldia egingo zaion arren, hezkuntzan eta alor sozialean egindako lanarengatik.

Omenaldiak omenaldi, txikiagoak izango dira alkate kargua hartuko dutenak Umeen Egunean. Aurtengo Alkate Txikiak Presentación de María Ikastetxeko Marta Campos eta Egape Ikastolako Amets Carrera izango dira. Eta protagonisten zerrenda ez da bukatu, Alberto Martinez barakaldarra baita aurtengo Sanmiel jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketako irabazlea.

asteburu polita Txupinazoa jaurti aurretik, larunbatean ekitaldi andana izango da. 11.30ean esku pilota txapelketaren finalaurrekoak izango dira kontzejupean eta arratsalderako ekitaldi sorta izango dira. 17.00etan maskota lehiaketa egingo dute miradore parkean, Onbizik elkarteak antolatua eta Idiazabal kalean merkatarien antolatutako ekitaldiak ere izango dira. Era berean, 17.00etatik 20.00etara azoka izango da Zubitxo plazan eta Idiazabal kalean eta herri kirolen-tzat tartea ere izango da, 18.00etatik aurrera. Horren ostean, 19.00etan, Egape Dantzak antolatutako gazteen Txapela buruan eta dantza munduan emanaldia izango da Saroben eta 19.30ean danborrada abiatuko da. Eguna amaitzeko, 21.00etan, bertso afaria izango da, Oianume jatetxean.

Igandean, berriz, 9.00etan plater tiroketa txapelketa izango da, 10.00etan Extremadurako produktuen dastatzea udaletxeko arkupean, 12.00etan eta 17.00etan Donostiako Virgen de Guadalupe koru eta dantza taldearen emanaldia San Juan plazan, eta 18.30ean Welcome to Urnieta antzerkia Saroben.