HONDARRIBIKO jaiak ez dira Alardearekin irailaren 8an amaitzen. Egun hori da, nola ez, jaietako garrantzitsuena eta hondarribiarrek bihotzetan daukatena, 1638. urteko setioaren ondoren Guadalupeko Amari urtero egiten zaion Eskertza Botoa gauzatzen baita honela. Baina setioa gogora-tzeko bada beste ekitaldi bat. Irailaren 10ean, Parrokian, 1638. urteko gatazka hura sufritzen hil ziren hondarribiarren omenezko meza egiten da.

Atzo, kale Nagusian, ez zuen inork tokia hartzeko ordurik itxaron behar izan, larunbatean bezala. Hondarribiarrek bete egin zuten eliza eta mezan zehar, Herriko Konpainiak eta Artilleria Bateriak eskupeta eta kanoi deskargak egin zituzten.

Han izan zen ere Udalbatza ia bere osotasunean, hiriko banderarekin. Eta baita Alarde tradizionaleko buruzagiak, Patxi Goikoetxea Burgumaisua buru zutela. Guzti horien artean ere, urtero bi aldiz kantineraz jazteko aukera duten bi emakumeak. Kasu honetan, Iera Fuentes eta Marina Aguinagalde, Herriko Konpainiako eta Artilleriako kantinerak, hurrenez hurren.

Hunkiduraz bizi izaten dute hondarribiarrek irailaren 10ean ospa-tzen den meza. Ekitaldi berezia da. Are gehiago, kasu honetan, kantinerentzat. "Oso desberdina da gaurko eguna, hilaren 8an poza eta algara gehiago dago; gaurkoan isiltasuna da gehien nabaritzen dena", esan zuen Marina Aguinagalde Artilleriako kantinerak.

Artillero baten alaba da bera eta ez da ez, aurtengoa, meza honetara joan den lehenengo aldia. "Askotan etorri izan naiz, baina gaur, aldare aurrean egonda, kantineraz jantzita, oso polita eta ahaztuko ez dudan unea izan da. Larunbatean, Alardean, oso bizipen politak izan nituen. Baina gaur ere, batez ere amari begiratu diodan momentu batean, bera hunkitu egin da eta nik ere malkoren bat bota dut", adierazi zuen neskak.

Mezaren ondoren, hondarribiarrek jai alaia bizi zuten. Urtero eta indar gehiagorekin, irailaren 10a koadrilek bazkariak egiteko aukeratu duten eguna da, hilaren 6ko gauean afariak egin ohi diren bezalaxe.

Atzo, hiriko jatetxe, kafetegi, txoko, elkarte eta etxe askotan elkartu ziren adin guztietako lagun taldeak, bapo bazkaldu eta eguraldi oneko eguna izan zenaz disfrutatzera. Bazkari jendetsuena Bentako karpan izan zen, 175 lagun elkartu bai-tziren. Hau Udalak bultzatu eta Bidasoako EKT elkarteak antolatu zuen. Ardora jatetxean ere, 350 adinekok bazkaldu zuten, Udalak urtero antolatzen dien otorduan.

Gero, arratsaldea luze joan zen, algara, musika eta lagunartean. Eta gaua, luzeago. Gaur, azken eguna izango dute Hondarribiko jaiek.