Donostia. "bIZIKLETA interesante batzuk badaude...". Hala zioen Miguel Ángel Zamarreñok, eskuan semeak erositako mountain bike bat zeramala. Hark, behintzat, topatu zuen harentzako txirrinda; eta berak bezala, beste 96 herritarrek.

Donostitruk eta Kalapieren eskutik, Bizitruk bigarren eskuko bizikleten azoka berezia hartu zuen atzo Amara Zaharreko Easo plazak. Txirrindak saltzeko 8.30ean agertu behar zuten interesa zutenek eta erosteko, 10.00etan zabaldu zituen ateak azokak. Bada, ordurako, azken urteotan bezala, ilara luzea zen: ehun bat pertsona zeuden zain.

"Lehenengotakoa sartu behar duzu aukera gehiago edukitzeko, onenak berehala desagertzen dira", aitortu zuen Carlos Gómezek. Bere kasuan, 8.30ean agertu zen Eason, hiru bizikleta eraman baitzituen saltzeko eta, gosaldu ondoren, berehala jarri zen kolan, semearentzat txirrinda erosi behar zuen eta. Gustukoa aukeratuta joan ziren etxera. Batez ere umeentzako bizikletak erosteko Bizitruk egokia dela oso aipatu zuen Gómezek, hazi eta urte gutxitan txirrinda aldatu behar izaten dutelako eta prezio baxuagoak lortzea eskertzen delako. "Krisia ere nabaritzen da!" gaineratu zuen.

Seme-alabentzako hiru bizikleta eraman zituen goizeko 8.15erako Eason zen Josu Arriolak: bigarrena zen ilaran. Gómezek bezala, gaztetxoak hazi eta txirrindak alda-tzeko garaia zuen. Hala, zaharrak salgai jarri eta berriak erosi zituzten. "Oso ideia ona da bizikleten azoka hau, sei hilabetero egin beharko lukete!", aipatu zuen.

"Urtean bi erdipurdiko egin beharrean, nahiago dugu potente bat egin", argitu zuen Kalapieko Maider Solanak. Gainera, boluntarioak dira azokan lanean aritu zirenak eta ez da hain erraza izaten azoka antola-tzea. Atzo, hala ere, iaz baino hobeto joan zitzaien: guztira 132 bizikleta jarri zituzten salgai eta 96 saldu zituzten 13.30erako, %72 inguru.

aukera zabala

Elektrikoak eta umeen aulkiarekin

Azokara eramandakoen artean, esan bezala, haurrentzako bizikleta dezente zeuden eta baita hirian zehar ibiltzeko txirrindak ere. Ba-tzuk umeak atzean eramateko aulkiarekin batera saltzen zituzten.

50 eta 100 euro arteko asko zeuden, baita 200 eurotik gorakoren bat ere. Errepidezko Peugeot zahar bat, txirrinda elektriko bat eta ezinduen-tzat egokitutako beste bat ere izan zituzten salgai, besteak beste.

Haientzako aproposa topatu zutenei udal araudiak bizikletei exijitzen dizkien argiak ere eskaini zizkieten azokan. Eta Kalapieko ordezkariek udal erregistroan izena emateko orria ere banatu zieten, lapurretarik gertatuz gero, bizikletaren jabe direla frogatu ahal izateko.