Idiazabaldik Nazio Batuetara
Luix Katarain idiazabaldarra, 'gazta zati bat' laneko protagonistetako bat, garai bateko artzainak bezala bizi da
JON Maiaren Gazta zati bat dokumentala arrakasta itzela izaten ari da eta errudun nagusietako bat Luix Katarain idiazabaldarra da. Artzain honek ikusleak hunkitu ditu eta ez da harritzekoa. 85 urte ditu dagoeneko, baina urte erdia Aratzamendiko bere txabolan ematen du: Bi izeneko txakurrarekin eta bere ardi maiteekin. Garai bateko bizimoduaren eta Euskal Herriaren antzinatasunaren erakuslea da. Bonbilla bat eta transistorea dira teknologia modernoaren erakusle bakarrak bere txabolan.
Katarain maiatza hasieran igo zen txabolara eta, beraz, bertara joan behar izan genuen berarekin hitz egin ahal izateko: ordu erdi inguru Patrol batean, astopista batetik, bere anaia Pedrorekin eta honen seme Aritzekin. Aritzeder baserritik Aratzamendira bidean Luixen bizimoduaren berri eman zuten.
Bera da Idiazabalgo herri-lurretan lanean jarraitzen duen artzain bakarra. Iaz maiatzean igo zen eta abenduan jaitsi. Hilabete horietan guztietan apenas jaitsi zen menditik, medikuarengana joateko bakarrik. Anaia eta iloba ia egunero joaten zaizkio bisitan. Janaria eramaten diote. Arropa kontuan bera molda-tzen da. Pedrok, gazteagoa zenean anaia astero Ordiziako azokara erosketak egitera joaten zela gogoratzen du: "Behor gainean joaten zen, sekula ez baitu autorik eduki".
Katarainek dagoeneko 70 urte daramatza ardiekin. Hamalau urterekin artzain izan nahi zuela esan zien gurasoei, baina ez zien grazia handirik egin. Meltxor aitona, ordea, bilobaren alde atera zen. Lehen hamar urteetan, maiatzetik aurrera, egunero hiru orduko joan-etorria bitan egin behar izaten zuen: mendira igo, ardiak jetzi eta marmitekin itzuli. Duela 60 urte txabola lortu zuen eta ordutik uda osoa eta udaberriaren eta udazkenaren zati handi bat bertan ematen ditu.
Bera ez da gaixo jartzearen beldur, baina bere senitartekoak bai. "Egia esan beti beheran jartzen da gaixo. Txabolara itzultzen denean suspertu egiten da. Goran denbora konturatu gabe joaten zaio: artilea eta galtzerdiak egiten, egurra tailatzen... Beheran, ordea, jende gehiagorekin bizi beharra du eta kosta egiten zaio. Baserrian dagoenean, herrira gutxitan joaten da".
Luixekin egon nahi duenak, berarengana joan beharra du, beraz. Urteko sasoi honetan, txabolara. Maia eta bere lankideak ere han izan ziren. "Euskal Herriaren antzinatasuna irudikatzen duen pertsona bat behar zuten eta, egitasmoan herriko jendeak parte hartu duenez, guregana jo zuten".
Egunkari honen eskaera ere onartu zuten eta, halako batean, txabolara heldu ginen. Bi izeneko txakurrak zaunka hartu gintuen. Luix berehala atera zen txabolatik, artilea eta orratzak lepotik zintzilik zituela. Agurtu ondoren, txakur asko izan dituela aipatu zuen. "Ona, Txiki, Bat..., baina Txabal gogora-tzen dut batez ere".
Ondoren, bere txabolara sartzera gonbidatu gintuen. Goiza freskoa zen eta beheko sua piztuta zuen. "Hasieran ez nuen tximiniarik eta ezta iturririk ere. Txilarraren gainean lo egiten nuen. Ondoren, somierra ekarri nuen. Argindarra duela urte pare bat jarri nuen. Ordura arte kinkearekin konpondu nintzen".
Katarainek munduko palazio onenarengatik ere lituzke aldatuko bere txabola eta bere ardiak. "Ardiak zaintzeko kapritxoa nuen. Asko gustatzen zaizkit, batez ere ile zuri eta mutur eta hanka beltzak dituztenak. Hemen ez naiz asper-tzen: galtzerdiak egin, egurra ebaki, ardiak jetzi...".
Beldurrik ez duela dio. "Atxurbi mendira doan jende asko etortzen zait bisita egitera eta askok ez luketela gaurik hemen pasatuko esaten didate. Nik atea itxi, ohean sartu eta lasai asko lo egiten dut". Ate gaineko eguzki-lorearen babesa du, noski.
Goizean, zopak egiten ditu, kafesnearekin. Eguerdian, berriz, anaiak eta ilobak eramaten diotena jaten du: potajea, haragia, fruta... Eguna bukatzeko, afari-merienda egiten du: gazta, intxaurrak, txorizoa eta txokolatea. "Gazta egunero jaten dut", dio. Argi dago, beraz, egunero gazta zati bat jatea osasungarria dela.
Dokumentalaren egileek Luixek egindako bat eraman zuten. Artzainari asko gustatu zaio dokumentala. "Idiazabalen ikusi nuen. Nire gazta urrutira eraman dute, baina nik, ordea, oso gutxi bidaiatu dut. Aspaldi Frantziara eraman gintuztela gogoratzen dut, hango artzainek nola lan egiten duten ikustera".
Inoiz Euskal Herriak bere independentzia Nazio Batuen Erakundearen egoitzan aldarrikatzeko aukera izango balu, Katarain ez li-tzateke munduko bazter honetan milaka urte daramatzan herriaren enbaxadore txarra izango.