"Getariako Elkano jatetxean izan ginen erreboiloa osorik, azal eta guzti, parrillan erretzen lehenak"
Getariako Elkano jatetxe ezaguneko jabea da Pedro Arregi (Getaria, 1940) eta egun semeak lekukoa hartu dion arren, xume-xume jarraitzen du "saltsan ibiltzen". Egile Sukaldaritzaren Kongresuan omenaldia jaso berri du bere jarduera profesional eredugarriagatik
getaria. Duela 40 urte baino gehiago hasi zen Elkano Txiki tabernan arraiak parrillan erretzen, proba-tzen, ikasten eta ordutik ez da geldirik egon. "Erreboiloa osorik, azal eta guzti erretzea", ere ausartu zen eta esperimentu hark arrakasta izan zuen. Jatetxera gerturatu eta zenbat jendek eskatzen duen ikustea besterik ez dago horrekin konturatzeko. Egun Herrerieta kale hasieran dagoen Elkano jatetxearen berezitasunean bihurtzeraino. Pedro Arregik pasa den apirilaren 25ean jaso zuen omenaldia Gasteizen, Euskal Herriko erretegi onenetarikoari eskainitako denboragatik. Kalitateari eusten jarraitzen dio gaur egun ere, bere seme Aitor eta Mari Jose Artano emaztea bidelagun dituela. Kazetari honi kokotxak parrillan egin zizkion atzo eta bai, Arregik merezitako omenaldia jaso duela esan genezake. Oraindik ere ilusioarekin prestatzen ditu jaki goxoak 71 urteko getariarrak.
Gasteizen eginiko Egile Sukaldari-tzaren Kongresuan omenaldia jaso berri duzu. Espero al zenuen?
Egun batzuk lehenago deitu zidaten esateko eta sorpresa izan zen. Urduri xamar jarri nintzen. Horrelako gauzetarako ez dut balio. Lotsa sentitzen dut jendearen aurrean hitz egiteko. Semearekin joan nintzen azkenean. Oso eskertuta nago
Noiz eta nolatan hasi zinen sukaldari bezala lanean?
Elkano kalean janari denda bat zuten gurasoek ni gaztea nintzela eta egun batean taberna txiki bat jar-tzeko baimena eskatu nien. Ongi iruditu zitzaien eta obra txiki bat egin genuen. Horrela sortu zen Elkano Txiki taberna. Amak gainera, sukalderako esku ona zuen eta harekin hasi nintzen ikasten. Egun, jatetxean egiten dugun arrai zopa esaterako berea da eta ez dut sekula aldatuko. Oso goxoa geratzen da.
Orduan hasi zinen parrilla erabiltzen?
Bai. Han hasi nintzen nire kabuz gauzak probatzen, pixkanaka ikasten. Lehen erreboiloa osorik prestatzen ere hasi nintzen. Erreboiloa xerretan egiten zen aurrez eta osorik, azal eta guzti, erretzeari ekin nion. Kokota ere zopa egiteko erabiltzen zen eta ni parrillan presta-tzen hasi nintzen. Bisigu eta txuletatik ezberdina zen zerbait topatu nahian. Honela, pixkanaka gauza berriak probatzen aritu gara. Elkano Txiki zabaldu genuela pasa den urtarrilaren 15ean 48 urte bete ziren. Eta nire emaztea ni jasaten, 44 urte. Berak bai duela meritua! (barreak).
Egunean arrantzatutako arrai goxoak jartzen zenituzten orduan ere?
Bai. Erreboiloa, kokota eta egunean arrantzaleek ekartzen zutenaren arabera prestatzen genituen jakiak: barbariñak, itsas sapua... Gauza berriak sortzea beti izan dut gustuko eta jendeari ere gustatzen zaizkio parrillan. Gehienek erreboiloa eska-tzen dute eta toki askotatik etortzen den arrai mota bada ere, guk jartzen ditugunak ingurukoak dira.
Nola gogoratzen dituzu Elkano Txikiko urteak?
Oraindik ilusioarekin. Oso oroitzapen politak ditut. Parrilla kanpoan izaten nuen oihal txiki baten azpian eta euria egiten zuenean ere han izaten nintzen, belaunetaraino bustita. Bertan hasi ginen herriko jendea eta bazkaltzera etortzen ziren enpresetako langileak ezagutzen.
Eta egungo Elkano jatetxea noiz zabaldu zenuten?
Herrerieta kalean, lehen Larrañaga ostala zenaren lekuan eraiki genuen 1986an. Larrañaga familiako senarra hil zenean, 1975ean eta Elkano Txiki txiki geratzen ari zitzaigula konturatuta, lokala ikustera etorri nintzen eta errentan hartu nuen. Horrela jarraitu nuen urte batzuetan. Ondoren, erosteko aukera eskaini zidaten eta hala egin genuen. Baina oso zaharra zegoen eta etxea bota eta berria egitea erabaki genuen 1986an. Ordutik hemen jarraitzen dugu, gustura. Gure etxea beti izan da xumea eta ahalegin guztia egiten dugu kalitatea eskaintzen jarrai-tzeko.
Eta zein da Elkano jatetxeko berezitasuna?
Tipula, gatz, ozpin eta olioz ondutako xehatutako abakandoa eta erreboiloa edo kokotxak parrillan. Baina batez ere erreboiloa da etxe honetako berezitasuna eta jendeak gehien eskatzen duena. Ehundura eta zapore goxoak ditu. Garaiko produktuak ere erabiltzen ditugu, ilar txikiak esaterako, pepitas de oro deiturikoak.
Krisia gogor ari da zigortzen ostalaritza ere. Nola egiten diozue aurre?
Enpresako jendea eta kanpotik etorritakoa lehen gehiago etortzen zen eta orain gutxiago, baina normala da. Kate bat gara eta denak gabiltza barruan bueltaka. Baina bada askotan errepikatzen duen jendea ere eta lagunak ere egin ditugu urte hauetan guztietan. Hala ere, berdin-berdin jarraitzen dugu lanean eta bezeroei jaki goxoak prestatzen. Lehen ere pasa izan ditugu garai txarrak eta hau ere pasako da.
Beste edonon jatetxerik zabaldu duzue urte hauetan?
Nire anaia Andonik Getariako Kaia jatetxea du eta oso harreman ona dugu. Bion artean zabaldu genuen 1982an Madrilen Itxaso jatetxea. Lana ongi egiten zen han, baina bizi-tza gogorra zen. Anaiak aste bat igarotzen zuen han eta nik beste bat eta hemen emazteak geratzen ziren jatetxeetan lanean, bakarrik eta haurrekin. Gainera autopistarik ez zegoen eta susto bat baino gehiago ere izan genuen. Bost urte eta gero Madrilgoa saltzea erabaki genuen.
Horrenbeste urtetan hamaika anekdota izango dituzu gogoan. Baten bat kontatzerik bai?
Elkano Txikiko bat dut gogoan. Tabernan 15-20 lagunentzako tokia izaten zen eta bazkariak emateko libratzeko jendeak batzuetan zain egon behar zuen. Behin lau apaiza zeuden bazkaltzen eta askotan etor-tzen zen Donostiako mediku jator bat iritsi zen. Esan nion 15.00etarako aterako zirela haiek. Baina ordua iritsi eta patxadan zeuden tertulian. Medikua orduan tabernara sartu eta kantatzen hasi zen. Berehala jaiki ziren apaizak. Ez dut inoiz ahaztuko! (barreak).