segura. Zenbat urte daramatzazu prozesioan parte hartzen?
Mutikotan nazareno jantzita ibili nintzen, ondoren penitente izan nintzen eta 1959an eraman nuen lehenengoz pausoa: La oración del huerto. Ordutik, beti irudi berbera eraman dut. Lehenengoz nazareno irten ondoren udaltzainak pezeta eman zidan, Udalaren izenean. Ba al dakizu zer ilusio egin zidan? Ama zenari erakutsi nion eta kendu egin nahi izan zidan. Hura diru asko zela eta ume bati dirua ematea gaizki irakastea zela esan zuen. Niri une hartan mundu osoan ni baino aberatsagorik ez zegoela iruditu zitzaidan eta korrika ihes egin nuen amak pezeta kendu aurretik.
Nolatan hasi zinen pausoa eramaten?
Jendea falta zela esan zuten. 17 urte nituen eta On Juan apaizak irudia eramateko deitu ninduen. Harrezkero, urtero aritu nintzen 2002a bitartean. Urte hartan 59 urte nituen eta sekulako tronbosia eman zidan begian. Operazio mordoxka izan nuen, baina oraindik ere hemen gabiltza. Tronbosia izan ondoren ere prozesioan pausoa eraman nuen: lau aldiz hain zuzen ere. Jainkoari eskerrak eman beharrean nago horrenbeste urtetan prozesioan parte har-tzen utzi didalako.
Nori pasatu zenion lekukoa 2003an?
19 urteko gazte bat topatu nuen. Bi urtetan berak eraman zuen, baina hurrengoan Benidormera oporretara zihoala esan zidan. Gure garaian ez genuen hara joateko beharrik! Han baino gusturago ibiltzen ginen prozesioan! Hala, 2005ean nik hartu nuen berriro pausoa. 2008an eraman nuen azkenekoz. Ordutik kandelekin ibiltzen naiz, irudi haren ondoan. Dagoeneko ez dut pausoa eramateko gogo handirik, baina osasunez nahiko ondo nago eta, beharrezkoa izango balitz, gai izango nintzatekeela uste dut. Benidormen baino gusturago ibiliko nin-tzateke!
2008an eraman zenuen azkenekoz pausoa. Pena eman al zizun utzi beharrak?
Sekulako pena eman zidan. Ordurako nirekin hasi ziren guztiek utzita zuten.
Irudia eramatea dirudien bezain lan gogorra al da?
Pausoa ondo hartuz gero, oso ondo joaten da. Urte luzetan lagun berberak aritu ginen eta oso ondo moldatzen ginen. Garai batean jolasean ere aritzen ginen: balan-tza eragiten genuen, ikusleei espektakulua eskaintzeko. Azken urteetan, berriz, nahi gabe ibiltzen ginen balantzaka! Txintxo-txintxo joan nahi eta ezin!
Zer da gogorrena?
Eskailerak igotzea eta jaistea gogorra da, kukurutxoko zuloetatik ez baita ondo ikusten. Batek hanka oraindik goran duenean ondokoak jaisten badu, sekulako balantza eragiten da. Oso arrisku-tsua da. Gainera, elizara heltzerako nekatuta egoten gara eta estropezu egiteko arriskua askoz ere handiagoa da.
Ba al zenuten Aste Santua heldu aurreko asteetan entrenatzeko ohitura?
Ez nuen horren beharrik: galdategian lan egiten nuen eta hori bazen nahikoa entrenamendu! Gainera, baserrian arbia bizkarrean hartuta ibiltzea tokatzen zi-tzaidan.
Urteren bat bereziki gogoratzen al duzu?
Urte batean prozesioaren ibilbidea moztu egin behar izan zen euria hasi zelako. Haserre itzuli ginen elizara. Gure pausoa bigarrena da eta apenas busti zen, baina atzekoak...
Egun telebista kate guztietan eta Interneten eguraldiaren iragarpena eskaintzen dute. Nola moldatzen zineten lehen zer eguraldi egin behar zuen jakiteko?
Batari eta besteari galdezka aritzen ginen. Zeruari begira egoten ginen. Ateratzeko eguraldi seguru samarra behar da, prozesioak ordubete irauten baitu.
Oraindik prozesioan parte har-tzen duzu.
Elizara joateko gai naizen bitartean behintzat eutsiko al diot! Izan ere, herriko prozesioan parte har-tzea oso gustuko dut. Etxean urte hauetan guztietan ateratako argazkiak ditut. Ea ohitura ez den galtzen.
Beste prozesiorik ezagutzen al duzu?
Hondarribikoa ezagutzea gustatuko litzaidake, baina hemengoa utzi arte ezingo dut.
Telebistan botatzen dituztenak ikusten al dituzu?
Ikusten ditut: batzuk bizkarra urratuta, beste batzuk trago ba-tzuk hartu ondoren balantzaka... Hemen errespetu eta seriotasun handiagoarekin ibiltzen gara. Hala jarraitzea nahiko nuke, baina gazteek kanpora joateko ohitura dute eta...