Bigarren eskuko azoka izango da hilero Orion
larunbat honetan ere izango da zer erosi 10.00etatik 14.00etara ikastolako plazan
orio. Datorren larunbatean bigarren eskuko azoka izango da Orioko ikastola ondoko plazan. Dagoeneko hiru aldiz egin da horrelako azoka herrian, urrian, azaroan eta abenduan, eta herritarrek ekimen honi harrera ona egin diotela ikusita eta aurtengo lehen bi hilabeteetan egin ez den arren, hemendik aurrera hilero antolatuko dela jakinarazi du Udalak.
Honela, larunbatean, azoka 10.00etan irekiko da eta goiz osoa izango da zabalik, 14.00ak arte. Eguraldi txarra eginez gero berriz, frontoian izango dela azaldu dute. Kasu horretan, ordubete beranduago hasiko litzateke ekimena, hau da, 11.00etan.
Herritarren batek salmenta-gunea jarri nahi badu bertan, aldez aurretik egin behar du eskaria, udaletxera deituta. Udalak mahaia eta astoak jarriko dizkio eta bere ardura izango da postua muntatzea. Bihar izango da eskaria egiteko azken eguna.