Lasarte-Oria. Larunbata Inauterien egun handia izaten da Burun-tzaldea eskualdeko herrietan eta gehienetan konpartsen desfileak programatzen dituzte. Ekimen honek urtetik urtera parte-hartzaile eta ikusle gehiago biltzen ditu eta aurtengoa, atzoko eguraldi ederrak lagunduta, ez zen salbuespen bat izan.
Lasarte-Orian jaia 12.00etan hasi zen. Aukeratutako gaia Joku Olinpikoak izan zen eta horregatik eguerdian inaugurazio zeremonia egin zuten Okendo Plazan olinpiar zuzia piztu zutelarik. Arratsaldean, 17.00ak aldera, bederatzi konpartsa desfilean atera ziren herriko kale nagusienetatik. Gaur Euskal Inauteriak konpartsaren txanda izango da. Bi irtenaldi egingo dituzte, lehenengoa 12.00etan eta 18.15ean, bigarrena.
Hernanin gazte ugari bildu ziren arratsaldean antolatutako mozorro festan. Hemen jaiak asteartera arte iraungo du eta orduan egingo dute sardinaren ehorzketa.
Andoainen, aldiz, gaur emango diote amaiera programazio bereziari. 18.30ean sardinaren segizioa hasiko da Goiko plazatik denak lutoz jantzita eta kandela eskuan joango direlarik. 19.30ean ehorzketa izango da Goiko plazan.