Lazkao. Zein ikasketa egin zenituen?

Historia ikasi nuen, baina ez nuen artxibo batean lan egiteko asmorik. Hamar urte eman nituen ikerketa munduan. Aldatzea pentsatu nuen eta, irakasle izan nahi ez nuenez, artxibo batean lan egitea erabaki nuen. Horretarako ikasketak egin nituen eta bost urte daramatzat Lazkaon lanean.

Zergatik utzi zenuen ikerketa mundua?

Lan oso bakartia zen. Etxetik lan egiten nuen eta gogorra zen. Ikerlari lana polita da, asko ikasten da, baina bildutako guztia liburu batean jartzea oso gogorra da. Familia dut eta zer edo zer lasaiagoa nahi nuen.

Zein lan egin zenituen hamar urte horietan?

Denetik egin nuen. Irakasle batekin hasi nintzen eta 1936 aurreko euskal kooperatibismoari buruzko lana egin genuen. Ondoren, euskal abertzaletasunari, Ampo kooperatibari eta Beasain futbol taldeari buruzkoak egin nituen. Azken hau Beasaingo Paperak bildumarako enkargua izan zen eta, egia esan, oso gustura aritu nintzen. Ordura arte egin nuenaren oso ezberdina izan zen, baina polita.

Irakaskuntzan ez zenuen lan egin nahi, baina Historia ikasle askoren irtenbidea hori da.

Hala da, baina ez dut neure burua irakaskuntzan ikusten. Gustatzen zitzaidalako ikasi nuen Historia. Ez nuen etorkizunean pentsatu. Ikerketa mundua atsegin nuen, baina horretan aritzeko aukerarik ez nuela izango uste nuen. Pribilegiatua izan naiz, baina artxibo mundua ere asko gustatzen zait: erabiltzaile bezala ezagutzen nuen, baina beste aldea ere oso polita da. Finean, dokumentuekin lan egiten da. Gainera, honako hau Historia Garaikide artxiboa da eta nik Historia Garaikidea jorratu dut beti.

Nola suertatu zen hemen lan egiteko aukera?

Juan Josek erabiltzaile bezala ezagutzen ninduen eta Artxibo ikasketak egiten ari nintzenean hona etorri nintzen praktikak egitera. Ondoren gelditzeko aukera suertatu zen.

Hemengo lana zuk espero bezain atsegina al da?

Askoz ere atseginagoa. Hemengo materiala zoragarria da, beste tokietan gorde ez dena: 70eko eta 80ko hamarkadetako alderdien eta sindikatuen informazioa, adibidez.

Zein da zure eguneroko lana?

Hemen zegoena katalogatzeko sartu nintzen, baina egun kudeaketa lana egiten ari naiz batez ere. Lagapenak, zer gorde eta zer ez, antolaketa orokorra, Juan Joseri lagundu eguneroko lanean, diru-laguntzak eskatu... Eraikina berria da eta Fundazioa martxan jarri berri dugu. Aurki nire lehengo zereginera itzultzea espero dut.

Material asko heltzen da?

Denetik heltzen da, baina normalean bidaltzaileak badaki zer jaso-tzen dugun eta zer ez. Sare bat dugu sortuta eta guk behar ez duguna beste toki batzuetara bidaltzen dugu. Hala ez da ezer galtzen eta bakoitzak behar duena du.

Bost urte daramatzazu hemen. Dagoeneko artxiboa ondo ezagu-tzen al duzu?

Benooo... Beti dut sorpresaren bat. "Hau ere hemen al dago?", pentsa-tzen dut. Izan ere, oraindik ez dugu dena antolatuta.

Zein da aurkitu duzun gauzarik harrigarriena?

Gehien txunditzen nauena Euskal Herriko pertsona askok euren etxean Juan Jose Agirre jartzen duen kaxa bat dutela da. Aurkitzen duten guztia kaxa horretan sartu eta Anjel Gaintzaren Euskodok elkartera bidaltzen dute. Berak ekartzen digu material hori guri. Juan Josek urteen poderioz izen ona lortu duelako gertatzen da hori.

Zer moduzkoa da berarekin lan egitea?

Oso erraza. Gizon oso jakintsua da eta lanerako askatasuna ematen du.

Zein da zure dokumentu kuttuna?

Hemen bitxi asko daude. Hauteskundeen inguruko bilduma, adibidez, oso polita da: Juan Josek 1976ko erreferendumetik gaurdaino atera den propaganda guztia bilduta du. 70eko hamarkadan inork ez zuen hori gordetzen. Egia esan, hemengo benetako altxorra Juan Jose bera da. Hona etortzen den jendea harrituta itzultzen da etxera: zer nolako memoria duen! Dokumentuak nork eta noiz ekarri zizkion gogoratzen du! Izan ere, orain arte bera bakarrik aritu da, ordenagailurik gabe, eta burua aktibo izan du. Hau bizi du. Egunero etortzen da. Baita larunbat eta igandetan ere. Bere bizitza hau da. Bestela ez zuen lortu duena lortuko. Bildumak osa-tzeko gainean egon behar da.

Eraikin berrian gustura al zaudete?

Bai. Orain materiala behar bezala dago. Lehen gela ezberdinetan zegoen eta ez zen erraza gauzak topa-tzea. Ezta erosoa ere. Logela hutsetan ere gordetzen genituen gauzak!