Síguenos en redes sociales:

Joxemiel Barandiaran Ataunen

Bere heriotzaren 20. urteurrenean, ondo ezagutzen zuten ataundarrekin elkartu gara Sara etxean

Joxemiel Barandiaran AtaunenAsier Zaldua

Ataun. HILAREN 21ean 20 urte beteko dira Joxemiel Barandiaran hil zenetik. Bera joan zen, baina bere lanaren fruitua utzi zigun. Guztiok dakigu lan itzela egin zuela gure ondarea zaintzeko eta ezagutzera emateko, baina... Nolakoa zen bera? Nola ematen zuen eguna Ataungo Sara etxean? Galdera hauei erantzuteko Joxe Mari Galparsoro bere anaiaren bilobarekin eta Jexux eta Jon Aizpurua lagunekin hitz egin dugu Saran bertan. Aizpurua anaiak Atauniker elkarteko kideak dira eta Barandiarani buruzko hainbat lan argitaratu dituzte.

Sara etxearen jabea Barandiaran Fundazioa da eta bertan biltzeko baimena eman izana eskertzekoa da. Galparsororen alaba, Nekane, arduratzen da etxea zaintzeaz. Elkarrizketa eraikinaren bihotzean izan zen: Ataungo apaizaren bulegoan, bere liburuez eta argazkiez inguratuta. Galparsoro Barandiaran eseri ohi zen toki berean jarri zen eta berehala gogoratu zuten Pilar, antropologoaren iloba eta zaintzailea, sekula ez zela bertan eseri. Anaiaren biloba Perune Zaharren bizi da, Barandiaranen jaiotetxean. Apaizak, Iparraldeko erbestetik itzuli zenean, handik gertu lursaila erosi zuen Sara etxea eraikitzeko.

Izan ere, hasieran ikasketengatik eta ondoren frankismoaren erruz herritik kanpo urte mordoxka eman bazuen ere, Ataun ez zuen sekula ahaztu. "Ataunen gauza guztiek hitz egiten ziotela esaten zuen. Lotura oso estua zuen herriarekin. Iparraldean zegoenean Larrun mendira igotzen zen, handik Ernio ikusten zuen eta Ataundik Ernio ikusten dela gogoratzen zuen. Kanpoan 17 urte eman ondoren, herrira itzuli zenean negar egin zuela kontatzen zuen", esan zuen Jon Aizpuruak.

pasadizoa

Jehovaren lekukoak Sara etxean

Herrian bizilagunekin hitz egitea eta bazterrak miatzea gustatzen zi-tzaion, baina batez ere bere bulegoan lan egitea. Gainera, egunero meza ematen zuen San Gregorio auzoko elizan. Bestalde, hilean behin mendira joaten zen hausnartzera. "Garai hartan telefono mugikorrik ez zegoenez, bisitariren bat heltzen zenean Pilarrek balkoian izara jartzen zuen berari berri emateko. Menditik jaisteko ordubete inguru behar zuen. Garai bateko bizimodua. Gaur egun ordubete zain egotea pentsaezina iruditzen zaigu". Zahartu zenean etxe inguruan ibiltzen zen eta, beraz, ez zegoen izarekin bueltaka ibili beharrik: Galparsorok Pilar ilobak balkoitik "Uuuu... uuuu..." deitzen ziola gogoratu zuen.

Bisitari asko joaten ziren Sara etxera (lagunak, ikerlariak, ikastetxeetako haurrak...) eta batzuetan gogaitu egiten zen, bere eguneroko jarduna oztopatzen baitzuten. Aizpurua anaiek behin berarekin zeudela gertatutakoa gogoratzen dute. "Tinbrea jo zuten: Jehovaren lekukoak ziren eta Pilarrek bidali egiten zituen, baina Joxemielek beraiekin hitz egiteko gogoa zuen eta halako batean lortu zuen. Eztabaidatzea asko gustatzen zitzaion".

Espainiako errege-erreginak ere Sara etxean izan ziren. Aizpurua anaiek eta Galparsorok helikopteroak ondoko zelaian lur hartzeko nahiko lan izan zuela (argindar kableek zelaia zeharkatzen dute) eta Sofiari sarrerako lore lehorren koadroa gustatu zitzaiola oroitzen dute.

Bisitarik eta lanik ez zuenean ibiltzea gustatzen zitzaion. Mendira joateari utzi behar izan zionean etxetik errekarako bidea egiten zuen behin eta berriro. "Distantzia neurtua zuen eta bazekien zenbat joan-etorri egin behar zituen kilometro bat osatzeko. Eguraldi txarra egiten zuenean, berriz, bere bulegoan bueltaka ibiltzen zen. Bestalde, goizean gimnasia suediarra egiten zuen. San Gregorion meza emateari utzi zionean, etxean ematen zuen Pilarrentzat. Telebistan albistegiak ikusten zituen eta musika klasikoa entzutea ere asko gusta-tzen zitzaion".

Baina, nolakoa zen lagun eta senitartekoekin? "Oso umila zen, goxoa, niretzako bigarren aita izan zen", azaldu zuen Galparsorok. "Kontularia zen, ez zen aspertzen. Ez zen isiltzen, baina beti errespetuz hitz egiten zuen: ez zen inorengatik gaizki esaka aritzen eta besteen iri-tzia ezagutzea gustatzen zitzaion. Ez zigun elizara joaten al ginen galdetzen, ez zen inori bere sinismenak inposatzen saiatzen... humanista zen. Eta aurrerakoia, bai teknika eta bai pentsamendu aldetik", gehitu zuten Aizpuruatarrek.

Hala, oso gaztetan irudiak grabatu zituela eta irrati aparailu bat muntatu zuela gogoratu zuten. "Ordiziako ferian erositako eztainua, zilarrezko papera, gorbataren orratza... erabili zituen. Irrati horren bitartez jakin zuen Titanic hondoratu zela. Albisteak entzun eta herrian zabaltzen zituen. Batzuek mundu osoko kontuak entzuten bazituen herrikoak ere entzungo zituela pentsatzen zuten eta batek emaztearekin demanda egiteko beldurrez zela aitortu zion".

Herritarrentzat jakintsuen artean jakintsuena zen eta sarritan jotzen zuten beragana laguntza eske. Eta bera beti laguntzeko prest, noski. Besteak beste, baserritarren elkarteko diruzaina izan zen. "Kontuak eramaten apartekoa zen. Dena apuntatzen zuen: egunean zehar egiten zuena, etxean sartzen zen guztia, etxetik irteten zena, gastuak...".

Herritarrei laguntzeaz gain, herriko ondarea zaintzeko ahalegin berezia egin zuen. Ataunen indusketa lan asko egin zituen. Jentilbaratzako gaztelua berak aurkitu zuen eta herriko gazteekin batera ondoko harrobiaren jarduera mugatzea lortu zuten. Bestalde, ataundarren artean jakin-mina piztu zuen. Hala, herritarrek Sara etxera eramaten zituzten mendian aurkitutako hezurrak.

Ataundarrek herriaren alde egindakoa merezi bezala eskertu diotela uste dute. "Bizitza oso luzea izan zuen eta, horri esker, merezitako omenaldi guztiak jaso zituen: elkarte guztietan ohorezko bazkide da, ikastetxeak bere izena darama, herriko seme kuttun izendatu zuten, museoa ireki da... Herrian sabioa zela esaten zen". Hilaren 21ean, urtero bezala, loreak eramango dizkiete Ataungo sabioari eta bere sapientziari etekin guztia ateratzeko ezinbestekoa izan zuen emakumeari.