Síguenos en redes sociales:

Oiartzunek 2012ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa deitu du

Parekidetasun gaia lantzen duten irudiak jasoko dira urrian posta elektronikoz

Oiartzun. 2012ko Oiartzungo udal egutegia herritarren argazkiek osatuko dute. Horretarako, argazki lehiaketa antolatu du Udalak. Parekidetasunaren gaiaren inguruko argazkiak izango dira jasoko direnak.

Honela, Udal honek gizon eta emakumeen arteko berdintasunarekin duen sentsibilitatea islatu nahi du egutegian ere eta oiartzuarren artean gai honen inguruko sentsibilizazio lana egin. Era berean, oiartzuar guztiek parte hartu ahal izango duten lehiaketa honetan udal egutegia osatzeko orduan ere, herritarren parte-hartzea bultzatuko baita.

Sariak Edozein oiartzuarrek har dezake parte argazki lehiaketan. Urria guztian zehar (hilaren 31 arte) jasoko dira lanak komunikazio@oiartzun.org helbidean. Lehiaketan parte hartzen duten hamabi argazki onenek 2012ko udal egutegia osatuko dute.

Horrez gain, epaimahaiak aukeratzen dituen hiru argazki onenek dirutan ere saria jasoko dute: 300 euro onenak, 200 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarrenak.

Esan bezala, parekidetasuna gaiaren inguruko argazkiak bidali beharko dira lehiaketara. Irudiak jpg formatuan aurkeztu beharko dira eta aukeratzen diren argazkien egileei originala eskatuko zaie, inprimatzeko kalitatea duten argazkiak izateko. Argazkiarekin batera, beste dokumentu batean egilearen datuak helarazi beharko dira.

Epaimahaia berdintasun arloan ari diren udal ordezkariek eta parekidetasunaren alde lan egiten duten herriko emakume taldeetako ordezkariek osatuko dute.

Udaletik adierazi dutenez, “egutegi parte-hartzaileago eta parekidetasunarekin sentsibilizatuago honetan” parte hartzera animatu nahi dituzte argazkilaritza maite duten oiartzuar guztiak.