Deba. Debako bizilagunek euren herriko Euskal Jaiaren edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute gaur. Ohitura denez, euskal kulturarekin lotutako ekintza ugari izango dira jardunaldian zehar.
Hasteko, taloak saltzeko postua irekiko dute 10.00etan plaza Zaharrean. Hortik aurrera, musika eskolako dantzarien emanaldia (11.30ean), zanpantzarren kalejira (12.00etan) eta Gure Kai dantza taldearen saioa, 12.30ean, izango dira erdigunean. Horren ondoren, Euskal Jaiaren ekitaldiak Aldats pilotalekuan kokatuko dira. Lehenik, marmitako lehiaketa egongo da bertan, 14.30ean, hain zuzen ere.
Txapelketa horretan parte hartu nahi duten herritar guztiek marmitako plater bat aurkeztu beharko dute frontoian eta sariak ordu erdi beranduago hasiko den herri bazkaria amaitzean emango dituzte.
Bertso saio batekin abiatuko duten bazkari horretan 450 bat lagunentzako lekua izango da eta bildutakoek nahi beste sagardo edateko aukera izango dute. Izan ere, Euskal Jaiaren batzordeak kupela bat ipiniko du pilotalekuan gerturatutakoen egarria asetzeko.
Edonola ere, larunbat honetarako antolatutako egitarauak 18.00etan izango du jarraipena, Maitane eta Etxaniz trikitilariek eta Zero Siete taldeak alaituko duten erromeria batekin. Gauean, berriz, herriko Elektrotxarangak izango du kaleko giroa berotzeko ardura eta horretarako kalejira bat abiatuko du 23.30ean. Jai batzordeak herritar guztiak animatu ditu festan baserritarrez jantzita parte hartzera.
Datozen asteburuak Gaurko eguna berezia izango bada ere, Debako herriak festa giroan murgilduta jarraituko du datozen asteburuetan.
Izan ere, Udaleko Euskara sailak ekintza desberdinak prestatu ditu datorren hilabeteko larunbatetarako. Horrela, Hip Hop eguna izango da urriaren 1ean plaza Berrian. Hori bai, eguraldia txarra bada, eguneko ekitaldi guztiak frontoian edo Estalitako pasealekuan egingo dira.
Hip Hop egunari hasiera emateko, hainbat herritarrek grafitiak margotuko dituzte okasiorako ipinitako panel batzuetan, goizean zehar. Arratsaldean, break dance tailerra eta grafiti erakusketa, break dance emanaldia eta Dj eta rap kontzertua izango dira.
Bestalde, Debako musika taldeen lehen biltzarra egongo da urriaren 8an: 20.30ean musika emanaldiak izango dira elizako klaustroan eta Plaza Zaharrean.
Era berean, Oreka TX, Kukai eta Amaren Alabak taldeen Hostoak ikuskizunarekin disfrutatzeko parada egongo da urriaren 15ean frontoian, 20.00etan.