Ibarra. Nolatan animatu zinen Bilduko zerrendaburu izatera?

Duela hilabete batzuk ez nuen pentsatu ere egingo gaur Ibarrako alkate izango nintzenik. Une politiko berri batean sartzen ari ginela ikusten genuen. Asko egon gara horren zain eta konpromisoa har-tzeko garaia zen. Lau urte hauek transizio moduan hartzen ditut. Gainera, bazegoen presto eta prestaturik zegoen jendea, baina legez ezin izan zuten. Beraien izenean ere arituko naiz. Baten batek esan dit orain ezagutuko nuela herria eta herritarrak.

Nola joan dira lehen asteak?

Martxa hartzen hasi gara. Aurretik datozen proiektuen jarraipena egin behar dugu, batzordeak martxan jarri... Zortzi zinegotzi gara eta talde polita osatu dugula uste dut. Bakoitzak bereari heldu dio eta lan dezente kentzen didate.

Batzordeak osatu dituzue. Aldaketa nabarmenik ba al da?

Ez dira gehiegi aldatu. Gizarte Zerbitzuen arloa indarra hartzen ari da eta Immigrazioa eta Emakumearen batzordeari ere bultzada eman nahi diogu. Modu transbersalean, genero ikuspegiari indarra eman nahi diogu.

Zein dira Ibarrak dituen arazo nagusienak?

Langabezia, etxebizitza eta egunerako bizitzan, aparkalekuek ere kexa handia sortzen dute. Bestalde, merkataritza ere landu nahi dugu. Dendariekin harremanetan jarri nahi dugu diagnostiko bat egiteko. Gai honetan ere Tolosaren itzala nabaria da, joan-etorria handia da eta askok "kalera jaitsi" esaten du Tolosara doanean.

Zein izango dira lan ildo nagusiak?

Lan egiteko moduan nabarituko da, kanpainan asko aipatu dugu gardentasunaren gaia eta horretan sakondu nahi dugu. Herritarren parte-hartzea bultzatu behar da hasieratik. Aurreko Udala goitik beherakoa zela uste dut, bertikala, eta ez zuela asmatu herritarrak inplikatzearekin. Bestalde, euskal presoen gaia ere landu beharko dugu, uste dut garai politiko hauetan alde batera uzteko gaia ez dela.

Aurreko udal taldeak Planeamendu Orokorrari behin behineko onarpena eman zion hauteskunde aurretik. Zein iritzi duzue?

Itxaron egin behar zutela iruditzen zaigu eta guk berriz aztertzeko asmoa dugu. Asko zentratu dira eraiki gabeko lursailetan eta eraikitakoak ere aztertu behar dira. Hasieratik herritarrak aintzat hartu nahi ditugu jendeari sinestaraziz ez duela hirigintzan aditua izan behar gaia ulertzeko. Etxebizitzak, zerbitzuak, auzoak... aztertu behar dira eta lursailen jabeekin hitz egin zer nolako Ibarra nahi dugun denon artean erabakitzeko.

Herri talde eta elkarte askok ez dute harreman ona izan Udalarekin azken urteotan. Zergatik?

Gu sartu garenetik hori hautsi da, eta festen gaian, esaterako, lan polita egiten ari dira elkarrekin. Talde guztiak norabide berean aritzea lortu nahi dugu eta festa batzordea indartu. Ona litzateke udazkenean bildu eta irizpideak bateratuz datorren urterako kultur programazioa osatzea.

Herrian eztabaida sortu du TAO sistemak. Ados al zaudete?

TAO sistemak duen desabantailetako bat arazoa herriaren beste gune batera eramaten duzula da. TAO ez duten auzoetako bizilagunak zerbait eskatzen ari dira. Egokiena gaia osotasunean hartzea da, kostua ere kontutan hartuz handia baita. Ibarrak arazo bat du: autoen errotazioa oso txikia da. Kanpan eraikin dotazionala eraikitzen hasi direnetik, gainera, hor aparkatzen zuten 80 kotxe mugitu egin dira beste gune batzuetara. San Ignazio auzoan lursail bat bada eta gure asmoa hor aparkalekuak egokitzea da. Ikusi beharko da nola kontrolatuk dugun herritarrei begira, bestela alferrik izango da.

Zein da Udalaren egoera ekonomikoa?

Zorra ez da txarra, baldin eta kontrolatua badago. Udala hobeto egon da, baina ez gaude egoera larrian. Hurrengo urteetan eraikin dotazionalak lotuko gaitu, Udalak berak egitea erabaki baitzuen. Landu beharreko bigarren gaia kudeaketa izango da. Eguneko zentroari dagokionez, Diputazioaren azken txostenaren arabera, aurreikuspenik ez dago beharrak asetuta omen daudelako Tolosako zentro berriarekin. Finantziazio gehiago lortu zitekeen, eta ez da egin.

Zabor bilketari buruz 'atez ate'ko sistemaren aldekoa al zara?

Mankomunitatean jorratu beharko da, baina probak egin daitezke. Lan handiena jendea sentsibilizatzen egin behar da.