Hernani. Atzo hasi eta bihar arte iraungo du Hernanin Orhipean parke tematikoak, euskal identitateari buruzko jaiak. Hiru egun hauetan Tilos edo Ezkiaga pasealekua azokak, hitzaldiek, musika emanaldiek, erakusketek eta an-tzerkiek beteko dute.
Txoria Txori taldeak eta Nabarraldek antolatu dute festa, Hernaniko Udalaren laguntzarekin, eta helburua euskara, euskal kultura eta euskal nortasuna babestea, indartzea eta bultzatzea da.
Esan bezala, Euskal Herriko beste herri batzuetatik jadanik igaro den ekimenak atzo arratsaldean inauguratu zuen bere programazioa. Eguraldi ona lagundurik, jende ugari gerturatu zen jatorri ani-tzeko elikagaien eta artisau produktuen azokara.
Ondoren, Nafarroa Euskal Estatua erakusketa gidatuan parte har-tzeko aukera izan zuen jendeak. Eguna amaitzeko, musika nagusietu zen hitzaldi musikatu batekin eta Pettiren kontzertuarekin.
Baina, programa zabalena gaurko erretserbatu dute antolatzaileek. Honela, eguerdian jaialdiko ekitaldi nagusia eskainiko dute. Kukubiltxo taldeak Orhiko xoria, Orhin laket antzezlana eskainiko du eta ondoren Saturrarango kartzelaren inguruko Ilargiaren argia aldarria irakurriko dute.
Biharko egitarau borobila prestatu dute. Izan ere, Nafarroako historiari buruzko hitzaldiak izango dira protagonista. 11.00etan 1512 Nafarroaren konkistaz arituko da Beñi Agirre. Arratsaldean (18.30), berriz, Euskal Herria, Euskadi, Nafarroa eta Baskonia kontzeptuak azalduko dituzte Beñi Agirrek, Koldo Martinez Garatek eta Angel Rekaldek.
Hirugarren hitzaldian, Iruñea-Veleiako erromatar garaiko euskerazko idatziak egiazkoak diren argitzen saiatuko da, 12.00etatik aurrera, Juan Martin Elexpuru.