Hernanik eguerdian eman dio hasiera San Joan jaiei. Alabaina, ekitaldi nagusia eta tradizio handikoa arratsaldean burutzen da: Akelarrea, Hernaniko San Joan jaien ekintza bereizgarriena.
Gaurko eguraldi lainotuak ez ditu hernaniarren festarako gogoak zapuztu eta arratsalde partean jende asko zebilen Kaxkoko kaleetatik, urteko momenturik magikoenaren zain.
Hala, urtero lez, 18.30ean, Lizeagatik, Akelarrearen kalejira irten da eta ordu eta erdi ibili dira akerrak eta sorginak herriko kaleak, plazak eta txokoak sorgintzen.
Arratsaldeko orduetan badaude ere tradizio handiko beste ekitaldi batzuk hala nola, San Joan erronda Hernaniko Ohitura Zaharren abesbatzaren eskutik edo Kantuz abesbatzaren kontzertua Urbieta kalean.
Salbe Nagusia
20.00etan Salbe Nagusia hasi da San Joan Bataiatzailearen parrokian. Egitarauan, ordu berean ere, Hernaniko musika bandaren San Joan erronda iragarrita egon da.
Ordu horren bueltan, Akelarreko pertsonaiak Gudarien plazara iritsi dira eta emanaldiaren prestaketekin hasi dira.
Antzerkia
Azken urteetan egin den bezala, akelarreko antzerkia udako solstizioak naturarekin duen harremana gogoratu zuen eta Erdi Aroko inkisizioa eta gaur egungo arazoak uztartu zituzten.
Amaitzeko, 21.30ak aldera, sua piztu da eta herritarrek aurreskua dantzatu eta San Joan Kantaita ere abestu dute.
25 urte bete dira Urdiaingo Kantaita San Joan suaren ondoan abesten dela. Horiek horrela, Kantaita, Kronika egunkariarekin batera, aurtengo omendua izan da eta txupinazoa botatzeko arduraduna.
"Galdu behar ez diren baloreak"
Festen aurkezpenean, Kantaitako emakumeen izenean, Pepi Arrospidek gogora ekarri zuen 2001ean nola hasi ziren Kantaita ospatzen, Errenteriako Iraultza dantza taldeko Ramon Garciak animatuta. “Badira inoiz galdu behar ez genituzkeen baloreak. Horietako bat kantategia da. Galzorian zegoen Kantaita berreskuratu genuen herrietako bat izan da Hernani”, esan du. “Bergarara joan ginen oihalak erostera eta Errenterian josi zizkiguten arropak”, gogoratu du Arrospidek.
San Joan konpartsaren babesarekin hasi du bidea Kantaitak. Lehenengo aldi hartan, 24 emakume atera dira plazara. Gaur egun, haietako lauk oraindik jarraitzen dute parte hartzen.