DONOSTIA. Inor ez dadila izutu Aste Nagusiko gauetan, suen burrunbak eta argiak Donostiako kaleak dardarazi eta zerua dizdira bereziarekin betetzen dituzten bitartean, sei gizoneko taldea, 22.30etik 23.00ak artean, Zubieta kalean gora eta behera lasterka eta luzaketak egiten ikustean.
Ez dira, ez, eliteko kirolariak goi mailako txapelketa baterako prestatzen. Bat baino gehiagoren lilura piztu eta beste askoren beldurra azaleratzen dituzten zezensuzkoak bizkar gainean hartu eta Londres Hotela eta Boulevard artean lasterka eramaten dituzten gizonak dira, Jon Erauskin, Iñigo Iriarte, Gorka Sagastume, Carlos Ponce, Ricardo Ponce eta Ekaitz Ibero, hain justu.
"Luzatzea oso beharrezkoa izaten da", adierazi du haietako batek, Gorka Sagastumek. Izan ere, zezenen figurek, egun fibraz egindakoak, 20 kilo inguruko pisua baitute. "Ateratzen garen gehienak kirolariak gara eta prestaturik gaude. Gainera, urtean zehar, Aste Nagusiaz gain, beste irteerak egiten ditugu, Euskal Jaietan, besteak beste, eta Salamancako inauterietara ere joaten dira gutako batzuk, beraz entrenaturik egoten gara", erantsi du. Hala ere, ez pentsa lan erraza denik.
Zezenak hiru zati nagusitan daude banaturik. Lehenik eta behin, egurrezko bi bastidore izaten dituzte egituraren barnealdean, gidariek sorbalda gainean jarri eta zezenaren pisua bizkar gainean eraman dezaten. Ondoren, fibrazko aberearen egitura dator, beltzez margotua eta benetako zezenaren adarrak dituena. Azkenik, Astondoa su etxeak jarritako kargak eramateko beste bastidorea izaten dute bizkar gainean. Guztira, 20 kilogramo inguruko pisua dute.
"Hasieran, taldea 1984. urtean osatu genuenean, figurak harri-kartoizkoak ziren. Askoz ere astunagoak izaten ziren", oroitu du Sagastumek.
Entzierroen antzera Aste Nagusiko gauetan Donostia erdialdeko kaleetan zehar lasterka aritzen diren zezenek, benetakoak ez diren arren, bizi-biziak dirudite. Sei izaten dira, gainera, guztira. "Entzierroetan bezalaxe. Kabestruak besterik ez dira falta!", adierazi du Sagastumek.
Sei zezen dira, eta irteera egunak, ordea, zazpi. "Txandatu egiten gara lehen sei egunetan. Azken korrikaldirako, ordea, zozketa bidez egiten dugu", erantsi du. Izan ere, sei zezenetatik lau oso antzekoak diren arren, badira bi handiagoak eta astunagoak direnak. "Batek bereziki sekulako burua du, eta oso pisutsua denez, indar handia egin behar izaten du barnean doanak oreka mantentzeko". Ziur, seietatik batek baino gehiagok errezatuko duela azken egunean sari hori eror ez dakion.
Entzierroetan artzainek zezenen mugimenduak zaintzen dituzten moduan, monosabioek zezensuzkoen pausuak jarraitzen dituzte oso gertutik. Bana dagokio zezen bakoitzari. Pedro Campos, Jon Erdozia, Jon Altolagirre, Mañel Caballero, Sebas Gómez eta Markel Erdozia dira, hain justu, egiteko horren ardura dutenak, Gabi Dorronsoro maiorala eta antola-tzaile orokorraren agindupean. "Egun ere Anartz izeneko mutiko txikia hantxe ibiltzen da gurekin. Badirudi etorkizunean monosabioak ere izango ditugula", aipatu du Sagastumek irribarretsu.
"Kamiseta eta galtza urdinak daramatzate, txapel eta gerriko gorriak eta makila eskuan", argitu du Sagastumek. Makilarekin zezenak gidatu eta inguruan traba edo oztopo egiten duen edonor urruntzen dituzte monosabioek.
"Kontuan izan behar da zezenaren barnean goazenok ez dugula apenas ikusten eta, hori dela eta, monosabioa beharrezkoa izaten da guretzat. Ikusleentzat ere arriskutsua izango litzateke, bestela", azpimarratu du.
Ikusleez gain, aberearen egitura beren sorbalda gainean daramaten sei gizonentzat ere latza izan daiteke lasterketa bakoitza. "Zezenaren pisua dela eta, sorbalda minduta eta urraturik gelditzen zaigu, eta kargarekin eta hark botatzen dituen txinpartekin ere oso kontuz ibili behar izaten dugu", aipatu du Sagastumek, eskumuturrean duen erredura agerian duela.
Ekitaldi jendetsua Trabak traba eta arriskuak arrisku, Gorka Sagastumerentzat merezi du ahaleginak. "Haurrek lilura dute, adi jarraitzen dute lasterketa eta Londres Hoteletik irten eta Boulevardera iristean, karga jadanik itzalita dagoenean eta gu zezenaren azpitik irteten garenean, ezagutu ere egiten gaituzte", aipatu du alai. "Harrigarria ere bada kanpotarren erreakzioa, haientzat guztiz berria eta ezezaguna baita hemen horren sustraiturik dugun ohitura hau", gaineratu du.
Gaurkoa da 2010. urteko Aste Nagusiko azken irteera. Aurreko egunetan korrikalari, monosabio eta maioralaren artean urduritasuna nagusi izan duten arren, gaur entzierroa amaitzean bapo afaldu eta, aurreko egunetan ez bezala, "parranda egiteko" parada ere izango dute.