Síguenos en redes sociales:

Gora Zarautz! Gora San Pelaio!

Eguraldia lagun eta giro ezinhobean hasi zituzten atzo zarauztarrek San Pelaio jaiak. Eguerdian suziriak bota zituzten eta Haur Agerraldiko Itxaso Aizpuruak hartu zuen egun osoz makila. Gauean, Imanol Urbieta musikagileari omenaldi beroa egin zioten. Testua eta argazkiak Ainara Lozano

Gora Zarautz! Gora San Pelaio!

Eguzkiak ederki jotzen zuela bota zituzten atzo udaletxetik suziriak San Pelaio jaiekin gogotsu hasteko, Udaberri abesbatzak ermitan kontzertua eskaini eta gero. Plazan zain zen aurretik bizilagun ugari, gozokiren bat hartzeko prest, buruhandi eta erraldoien alboan. Jon Urien alkateak Haur Agerraldiko kideen alboan ongietorria egin zien festei 12.00ak puntuan eta makila eman zion Itxaso Aizpurua Danbor Nagusi gazteari, egun osoz gorde zezan.

Haur danborradako ordezkariak irribarrea aurpegitik kendu gabe aritu ziren herritarrak agurtzen eta gozokiak botatzen. Udaletxeko ekitaldia eta gero, zarauztarrak kalejiran joan ziren buruhandi eta erraldoiekin. Aurten, gainera, nobedade gisa, Karlos Argiñano sukaldariaren antza duen buruhandia aurkeztu zuten udaletxean komunikabideen aurrean, eta bere semeetako bat ere bertaratu zen aitarekin duen antz handia ikusteko. Argazkiak ateratzeko ere aprobetxatu zuen.

Suziriak eta gero ere kalez kale aritu zen gaztetxoen atzetik Argiñanoren buruhandia ere.

danborradak giro onean

Imanol Urbietari omenaldia

Arratsaldean Haurren XXXII. Agerraldia egin zuten Haur Kultur taldeak antolatuta eta Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik irten ziren taldeak, Zarauzko musika banda, eta Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta. Lege Zaharren enparantzan elkartu ziren ondoren eta bertan elkarrekin jo zuten danborra. Ondoren, Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiak (Itxaso Aizpuruak) herriko ikurrina goratu zuen Agerraldiko zuzendarien eta herriko agintarien laguntzarekin.

Txosna gunea 20.30ean zabaldu zuen Gurekin Jai festa batzordeak txupinazo eta guzti, Munoa plazan, eta kontzertuak eskaini zituen.

Baina gauean iritsi zen eguneko momenturik hunkigarriena, Imanol Urbieta musikagileari eginiko omenaldian. Helduen danborradak (Cachi Bachi, Francisco Zurbaran, Urpekoak, Carballeira, Arkaitz Mendi, Arrano, Kayua eta Udaberri elkarteek antolatuta) emanaldi jendetsua eskaini zuen herriko kaleetatik ibili eta gero, Lege Zaharren enparantzan. Danborjoleak Santi Negueruela (Francisco Zurbarán) eta Carlos Etxarte (Urpekoak) zuzendarien gidaritzapean aritu ziren jotzen eta barriken zuzendari lanetan Elias Azpiroz (Arkaitz-Mendi) eta Rakel Azkue (Cachi Bachi) aritu ziren. Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangak ere izan zituzten bidelagun herrian barrena eginiko ibilbidean eta udaletxe plazan bertan ere.

Gaueko 23.45ean San Pelaio Makila eman zioten Manolo Urbietari danborradako ordezkariek, urteetan zehar festen alde eta euskal kulturaren alde eginiko lan oparoa esker-tzeko. Gauerdia iristearekin batera, emozionatuta altxa zuen makila Urbietak bizilagun guztien aurrean eta txupinazoa eta traka izan ziren San Pelaio ereserkiarekin batera.

Jarraian, Musika plazan Egan taldearekin dantza egiteko aukera izan zen. Astelehenera arte luzatuko dira festak eta gaur San Pelaio Eguna ospatuko dute.