zarautz. Zarauzko helduen danborradako kideek San Pelaio jaietako makila Imanol Urbietari emango diote eta badituzte nahikoa arrazoi musikagile eta musika irakaslea omentzeko. Besteak beste, haurrentzat euskaraz egin den lehen grabazioa berak sortu zuen: Haur Kantariak (1967).

Bestalde, Zarautzen musika eskola sortu zuen, Hernanin beste bat eta Donostian Xirula Mirula. Halaber, pedagogia arloko liburu eta disko asko eman du argitara. Zenbakiak eta koloreak erabiliz musika eta solfeoa ikasteko bideak esperimentatu ondoren, ikasbideak egin ditu. Haurrentzako 1.000tik gora kanta ere sortu ditu eta asko herrikoiak bihurtu dira: Txoria nintzela, Land Rover, John Brown indio txiki bat zen, Astoa ikusi nuen... Zarauzko festekin ere harreman sakona izan du. Hala, 60ko hamarkadan, Frankismoaren garaietan gainbehera zihoan Euskal Jaia biziberritzen lagundu zuen. Beste horrenbeste egin zuen San Pelaio jaiekin, haurren danborradarako piezak konposatuz. Hori guztiagatik ongi merezia du sanpelaioetako makila Manolok. Sari asko jaso ditu aurretik: Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina 1996an, VIII. Donostiako Orfeoia-Euskal Herriko Unibertsitatea Saria eta Foru Aldundiak ematen duen Antton Abaddia saria.