Oiartzun. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendaritzapean, Oiartzunek Kausua mendiaren mugarritze lanak bukatu ditu. Karrika eta Saroberreka bailarako 606 hektareako eremua finkatzeko, urte luze eman dute lanean: 2009ko martxoan hasi eta 2010eko maia-tzean amaitu dute.
Guztira 696 mugarri ditu mendiak. Horietako 638 berriak dira. Izan ere, mugarri zaharrak, udalerrien artekoak eta Errenteriako Añarbe mendikoak errespetatu dira.
Kausua mugarritzeko, 110 lurjabe pribatuekin banan bana harremanetan jarri dira Udaleko Mendi teknikaria, basozaina eta topografoa. Lurjabe bakoitzarekin bere partzela bisitatu ondoren, mugak adostu eta fisikoki harriak jartzea izan da egin dena.
Mugarriak jarritakoan, argazkiak atera dira, GPS teknologiarekin kokatu da muga, planora pasatu da eta kokapen akta bete da. Herri-lurren ondoko soroen jabe gehienek sinatu dituzte dagoeneko aktak. Ez dutenek hala egin, Hirigintza sailera hurbildu beharko dute.
Burututako lanarekin ados ez daudenek orain dute erreklamazioak jartzeko aukera, mugarri-tzearen dokumentuak jendaurrean baitaude hilabete honetan.
Gauzak honela, Oiartzungo lau mendietatik Martuzenegi eta Kausua mugarritu dira. Laster Pikokaraten azterketak hasiko dira. Zaria izango da mugarrituko den azkena.