Gidabaimena euskaraz ateratzeko deia egin du Azpeitiak
Aurreneko hamar lagunek bi pertsonentzako afaria edo bazkaria irabaziko dute
Azpeitia. Azpeitiko Udalak eta herrian lan egiten duten bi autoeskolek (Urola eta Lagunak) gidabaimena euskaraz ateratzearen aldeko kanpaina bultzatu dute, beti ere, Urola ikastolaren, Iraurgi ikastetxearen eta Ikasberri ikastolaren babesarekin.
Ekimenaren sustatzaileek bi goiburu desberdin aukeratu dituzte kanpaina berri honetarako: Azpeitian, gidabaimena ere euskaraz eta Atera gidabaimena euskaraz.
Era berean, lema horiek barne dituzten horma-irudiak prestatu dituzte, "gidari hasiberriek kotxean eramaten duten L hizkiarekin eta euskararen E letrarekin jolas eginez".
Gidabaimena ateratzeko ikastaroak egiten dituzten gehienak gazteak direla kontuan izanda, horma-irudiak aipatutako hiru ikastetxeetan eta autoeskolen atarietan jarriko dituzte.
Azpeitian gidabaimena euskaraz ateratzearen aldeko kanpainaren bultzatzaileek sari batzuk aurrikusi dituzte "gidabaimena euskaraz ateratzen duten aurreneko hamar lagunentzat".
Horietako bakoitzak, "herriko jatetxeetan bi lagunentzako afari-bazkari bana eskuratuko du".