Zaldibia. Asteartean Zaldibiako Saturdi auzoko jaia ospatuko da. Meza; dantzarien, trikitilarien eta bertsolarien saioak; toka txapelketa eta herri-kirolen erakustaldiak izango dira. 11.00etan meza izango da. Ondoren, Iztueta taldeak dantza saioa eskainiko du, auzoko emakume eta gizon edadetuenei opari bana emango zaie eta haurrentzat jolasak izango dira.
Eguerdian Iker Zubeldia zegamarrak eta Amaia Agirrek bertsoak abestuko dituzte eta Gari Lizarragak eta Iñaki Larrañagak trikitixa joko dute. 13.00etan auzotarren arteko toka txapelketa hasiko da eta 14.30ean, bazkaria.
Bazkalostean Iker Zubeldiak eta Amaia Agirrek bertsoak abestuko dituzte. 18.00etan, berriz, herri-kirol erakustaldia izango da. Oihan Larretxea eta Arkaitz Jauregi aizkolariek zortzina kana erdiko ebakiko dituzte. Gainera, Idoia Etxeberria harrijasotzaileak hiru saio eskainiko ditu. Azkenekoa 100 kiloko harriarekin osatuko du. Bukatzeko, Gari Lizarraga eta Iñaki Larrañagarekin erromeria izango da.