Alegia. Txintxarri Abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean bertso eskolako kideak elkarrekin kantari aterako dira Alegian Santa Ageda bezperan. Horretarako, entsegua egingo dute bihar, 21.00etan, kultur etxean.

Santa Ageda bezperan kantari aterako dira urtero bezala Alegiako Txintxarri abesbatzako abeslariak, baina aurten, berrikuntza modura, herriko zazpi astoren gainean bertso eskolako bertsolariekin batera ibiliko dira santa-eskean. Txintxarri abesbatza 50. urteurrena ospatzen ari da aurten eta ospakizunak izango dira urtean zehar. Aurtengo emanaldi guztiak bereziak izango dira eta Txintxarri abesbatzak herriko elkarteekin batera ospatu nahi du 50. urteurrena. Santa Ageda bezperan Txintxarri Txiki abesbatzarekin, herriko bertsolariekin eta nahi duten herritar guztiekin batera aterako dira abesbatzakoak.

Auzoz auzo eta kalez kale ibiliko dira, herriko zoko guztietara iritsi arte. Santa Ageda bezperan kantatu ohi den betiko doinua kantatuko dute alegiarrekin batera eta bertsolariek, berriz, koplak eta bertsoak botako dituzte bat-batean. Bertso saio batean bezalaxe, edozein gairi buruzko bertsoak izango dira. Parte-hartzaileei biharko entsegura agertzeko deia luzatu diete.