Mutriku. Mutrikuko kantu zaharrak biltzen dituen CDaren kopia guztiak saldu ondoren, proiektuaren bultzatzaileek Mutriku kantatzen ekimena antolatu dute datorren larunbaterako, beti ere, "herriko kantuak ez galtzeko eta ezagutzera emateko asmoarekin".
Hori dela eta, CDaren grabaketan parte hartu zuten taldeek (arrantzaleak, Anaiarte, Eskabetxeko Andrak, Mutxurtarrak eta herriko koadrila bat) kale eta erdiguneko taberna guztiak alaituko dituzte larunbatean, 13.00etatik aurrera.
Talde bakoitzak hiru tabernetan kantatuko du eta inguruan dauden herritarrek emanaldira batzeko aukera izango dute. Horretarako, taldeetako kideek abestien letrak jasotzen dituzten esku-orriak banatuko dituzte. Izan ere, "proiektuaren helburu nagusia jendearen parte-hartzea bultzatzea da".
Ibilaldi ezberdinak egin ondoren, taldeak Goiko plazan elkartuko dira (14.30ean), elkarrekin abesteko.