Lezo. Aurtengo aurrekontuak aurrera aterako direla ziurtatu zuen atzo Lezoko udal gobernuak. Haritz Salaberria alkateak eta Iñigo Esnaola eta Jon Legorburu zinegotziek jakitera eman zutenez agerraldi publiko batean, udalerriak 107 poligonoko lursail baten salmentarekin milioi bat euro eskuratu ditu. Konkretuki, Salva izenarekin ezaguna den 1.500 metro karratuko partzela da saldu dutena.
Operazio urbanistiko hau aspaldiko kontua da, Udaleko kideek gogorazi zutenez. Izan ere, aurreko legealdian, EAJ eta EA udaletxeko buru zirenean, eremu berbera 318.000 eurogatik saldu nahi zela salatu zuten.
Honela, ezker abertzalea gobernura iritsi zenean auditoria bat eskatu zion ZB enpresari. Bertan, lursailaren tasazioa egin zen eta bere balioa hiru aldiz altuagoa zela kalkulatu zen. Bestalde, auditoria enpresak berak "irregulartasunak" ikusi zituela lursail horren salmentan, konkurtsoan "iruzurra" egin zutelako esan zuen.
Gauzak horrela, 2008ko apirileko Udalbatzarrean gobernu taldeak eragiketa hori geldiaraztea lortu zuen. Ezker abertzalearen ustez, lur publiko batzuk hain merke saltzea oso operazio "txapuzeroa" izan zen. Gainera, salmenta horrekin Udalak dituen zorrak eta zulo ekonomikoa asko gutxituko dela baieztatu zuten.
Hau gutxi balitz, udal taldeko ordezkariek lehengo legegintzaldiko hitzarmenean 318.000 euro horiekin 200.000 euro balio zuten hondeaketa lan batzuk 107 poligonoan egin behar zirela azaldu zuten. Beraz, gaur egungo taldeak 900.000 eurotik gorako onura lortu duela adierazi zuten.
Erantzuna Alabaina, Kepa Garbizu alkate ohia ez dator bat azalpen hauekin. Atzo egunkari honi egindako adierazpenen arabera, lehengo legealdian sinatutako akordioan, lurren salmenta gaur egun udalerrian kokatuta dauden enpresen lekualdatzearekin lotuta zegoela jakitera eman zuen. "Eta gaur egun Mármoles Gallardo bezalako lantegiek herriko erdigunean jarraitzen dute", kexatu zen. Laburki esanda, lehengo legealdiko operazioan erosleak karga ba-tzuk eraman behar zituen: enpresak poligonoan kokatzeko gastuak.
"Dirua gaizki kudeatu genuela esaten dute, baina Lezok inguruko herrien artean soberakin negatibo altuena duen herria da", ezagutarazi zuen Garbizuk.
EAJko bozeramaileak Osoko Bilkuretan maiz esan du gaur egungo gobernuak lehengo legegintzaldian irregulartasunak egin zirela somatzen badu, epaitegietan salaketa jar dezala.