Aia. Nekazaritzako dirulaguntzak; Aiatik Andazarratera doan errepidearen konponketa; Gipuzkoako parketxeen sarea; Altxerriko kobak eta museoa; edo Kudeatuz programaren bidez Aiako turismoaren gainean egingo den parte-hartze prozesua izan ziren hizpide Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian izeneko egitasmoaren baitan astelehen arratsaldean Aiako kultur etxean egin zuen ekitaldian. Egitasmoaren helburu nagusia Gipuzkoaren errealitatea ezagutzera ematea eta Aldundia herrietan eta eskualdeetan egiten ari den kudeaketa azaltzea da. Baina horrezaz gainera, herritarren kritikak eta ekarpenak zuzenean jaso nahi ditu Markel Olano diputatu nagusiak.

KEZKAK AZALDUZ Olano berak eta Eneko Goia Azpiegitura diputatuak eskaini zuten saioan Aiako elkarteetako 50 herritar baino gehiagok hartu zuten parte. Diputatuek helburuak azaldu eta gero, bizilagunek hauei galderak egiteko aukera ere izan zuten eta Aiari eta Gipuzkoari buruzko zalantzak plazaratu zituzten. Besteak beste, ezinduentzako gizarte laguntza, alderdien legea, krisialdi ekonomikoa, 2010eko aurrekontua, Pasaiako superportua eta normalizazio politikoa izan zituzten hizpide.

Ekitaldian hitzik hartu ez zutenentzat, parte-hartzea bermatzeko eta hurbiletik herritarren iritzia ezagutzeko helburuarekin, galdetegi bat pasa zitzaien ekitaldian izan ziren guztiei. Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzeko Aldundiak kontuan hartuko ditu galdetegian ateratako emaitzak, eta prozesua amaitzean publikoki aurkeztuko ditu eta parte-hartzaileei etxera bidaliko zaizkie. Galdetegiaz gain, www.zureherrian.net web gunea eta kabinetea@gipuzkoa.net helbide elektronikoa ere herritarren eskura daude. Nahi duen orok du aukera ekarpenak egiteko.