Elgoibar. Hainbat gaztek osatutako Okil beltzak taldeak iradokizunak aurkeztu ditu Elgoibarko udaletxean, Udala lantzen ari den Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria "era jasangarriagoan egiteko".
Taldekoen ustetan, planaren aurrerapena "ez da jasangarria" eta horregatik udal agintariak animatu nahi dituzte aurkeztutako alegazioak kontuan izateko. Beraien hitzetan, horrela "nahi dugun herri ekologikoagoa, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa lortuko dugu".
Ingurumena eta nekazal eremuak babesteko eta sustatzeko helburuekin sortutako Okil beltzak taldekoen hitzetan, dokumentu berriak "etxebizitzetarako eraikinen eta industriarako guneen neurrigabeko hazkundea planteatzen du eta ez dio naturaren kontserbazioari merezi duen garrantzia ematen".
Beraientzat, Plan Orokorraren aurrerapenak, "mendeetan gizakiaren eta naturaren arteko elkarrizketaren fruitu izan diren lurzoruak irensten ditu" eta horrek "historiarekiko erlazioa apurtzen du eta lurraldeak biltzen duen memoriarekin bukatzen du".
Okil Beltzak taldeak aurkeztutako iradokizunak paisaiarekin, korridore ekologikoekin, nekazal auzoekin, ondare arkeologiko eta historikoarekin, etxebizitzekin, jarduera ekonomikoarekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotuta daude.
Une hauetan Udala aurkeztutako alegazio guztiak aztertzeko fasean murgilduta dago.