EUSKAL liburu eta diskoen azoka garran-tzitsuena Durangokoa da, baina oso kontuan hartu beharreko beste batzuk ere badira. Horien artean Goierrin antolatzen direnak daude. Txikiagoak dira, baina herri askotan antola-tzen direnez, literatura eta musika eskualdeko txoko guztietara heltzea lortzen dute. Asteburu honetan beasaindarren eta segurarren txanda da eta datorren astean ordiziarrena, ataundarrena eta lazkaotarrena izango da. Lehena Udalak antolatzen du eta beste lauak Goierriko Euskal Eskolak koordinatzen ditu.
beasain
Gaur, liburu aurkezpena
Beasaingo eta Segurako azokak ostiralean ireki ziren. Atzo liburu aurkezpenak, musika eta an-tzerkia izan ziren Beasainen. Gainera, Goazen telesaileko aktoreek DVDak sinatu zituzten. Gaur, 13.00etan, Miel Anjel Mintegik Barre algarak infernutik liburua aurkeztuko du. Arratsaldean, 17.30etik aurrera, haurrentzako jolasak eta tailerrak izango dira. Azoka Gernika pasealekuko frontoian dago eta ekitaldi hauek ere bertan izango dira.
segura
Plazatik irratiaren egoitzara
Segurakoari dagokionez, hirugarren ekitaldia du. Lehena plazan izan zen, baina ondorengoak Segura Irratiaren beheko lokalean antolatu dira. Atzo eguerdian salda banatu zuten. Arratsaldean, berriz, Izaskun Mujikak ipuin bat kontatu zuen, musika eskolako ikasleek giroa alaitu zuten eta Eneko eta Andoni trikitilariek Bizi! diskoa aurkeztu zuten. Gaur, 12.00etan, herriko dantzarien saioa izango da. Ondoren salda banatuko da.
lazkao
Beteranoena
Aipatu bezala, datorren astean Lazkaoko, Ataungo eta Ordiziako azokak izango dira. Guztien artean zaharrena Lazkaokoa da. Aurtengoa 21. edizioa du. Irekiera ekitaldia ostiralean izango da, 17.00etan, musika eskolako ikasle eta irakasleekin. Larunbatean herritarrek kantuan egingo dute, salda banatuko da eta haurrentzako jolasak izango dira. Bukatzeko, iganderako krosa eta Gabonetako euskal kantuen lehiaketa antolatu dira.
Ataun
Aurten San Gregorio auzoan
Ataungo euskal liburu eta diskoen azokari dagokionez, aurtengoa laugarren ekitaldia du. Herri honetako auzoak elkarrengandik urrun daudenez, ez da beti toki berean antolatzen: lehen edizioa San Gregorion izan zen, bigarrena Aian eta hirugarrena San Martinen. Aurtengoa San Gregorion izango da.
Hemen ere ekitaldiak antolatu dira. Asteazkenean, adibidez, hi-tzaldia eta dokumentala izango dira. Azoka ostiralean irekiko da. Egun horretan poesia errezitaldia eskainiko da. Ondoren, mondejua jateko aukera izango da. Larunbatean Bizi! diskoa eta Ataungo irakaskuntzari buruzko liburua aurkeztuko dira. Bukatzeko, igandean umeentzako jolasak, ipuin kontaketa saioa eta musika eskolakoen kontzertua izango dira.
ordizia
Lehen edizioa
Aurten ordiziarrek ere azoka antolatzea erabaki dute. Santa Maria kalean izango da eta bertan ere kultur ekitaldiez gozatzeko aukera izango da. Ostiralean, irekiera egunean, Jakintza eta Urdaneta taldeek dantza saioa eskainiko dute. Larunbatean Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak bere azken liburua aurkeztuko du. Bukatzeko, igandean Arrate Leundak ipuin kontaketa saioa eskainiko du.
Ikusten denez, eskualdean bertan ere badago euskal literaturaz eta musikaz jai giroan gozatzeko aukera. Aipatutako lau herrietako udalek eta hainbat enpresa eta elkartek lan handia egin dute azoka hauek antolatzeko eta herritarrak ere erantzuten ari dira. Herenegun eta atzo asko izan ziren Beasainen eta Seguran liburuak eta diskoak erosi zituztenak eta ekitaldiez gozatu zutenak.