Hondarribia. Bordari eta Satarka literatura lehiaketen sari-ematea burutu zuen atzo Hondarribiko Euskara arloak, Udaletxeko areto nagusian.
Bordari ipuin lehiaketan lehenengo bi sariak, 800 eta 400 eurorekin hornitutakoak, Xabier Aldayk lortu ditu helduei zuzendutako A mailan, Aspertua eta Nerabea izenburuko lanekin. Maila berdinean, lehenengo hondarribiar egilearen 400 euroko saria, Koldo Nausiarentzat izan da, Aita Domingo izeneko lanarengatik.
Satarka olerki lehiaketako maila nagusian, berriz, Arantxa Otegik jaso du lehenengo sari nagusia, 800 eurokoa, Antzinako erregina izeneko olerkiarengatik. Bigarren saria eta aldi berean lehenengo egile hondarribiarrena (400na eurorekin hornitutakoak), Ainara Elizondori eman dizkiote, Ilunetik argira edo gordean neuzkanak izeneko poemarengatik.
gAZTETXOAK Bordari eta Satarka sariek badute ere gaztetxoen B maila, 18 urtetik beherako egileei zuzendutakoa.
Honetan, Jexux Mari Mendizabalek, Juan Garziak, Mayi Izak, Txomin Sagartzazuk eta Ixabel Olazabalek osatutako epaimahaiak hiru lan saritu nahi izan ditu ex-aequo, 300na eurorekin: Unai Hersen Bon-bi-la, Ane Garciaren Mbale eta Ander Ugalderen Lezeko piztia, azken hau, hondarribiar egile hoberenaren sariarekin.
Bestetik, Martin Iturbek, Markox Balentziagak, Mertxe Mitxelenak eta Ixabel Olazabalek Josu Narbarte izendatu dute Satarka olerki lehiaketako irabazle B mailan, 400 euroz hornitutako sariarekin, Afrika izeneko lanarengatik; bigarren saria eta lehenengo hondarribiarrarena, 250na eurokoak hauek, Ane Garciarentzat izan dira Daukadan suharra hasiz izeneko poemarekin.