Mutriku. Bertso Eskolak Okelar anaien omenez antolatzen duen bertso paper lehiaketaren XXV. edizioak baditu irabazleak.
Helduei zuzendutako mailan, sari nagusia (450 euro eta txapela) Arrate Illarorentzat izan da eta bigarrena (250 euro) Xabi Astigarragarentzat. Mutrikuar batek egindako lan onenari eskainitako 100 euroko saria Juan Mari Agirrezabalagarentzat izan da.
Gazteen artean, berriz, Jone Alberdik irabazi du lehen saria (txapela, 90 euro eta oparia) eta bigarrena (50 euro eta oparia) Aitor Servier-Etchechurirentzat izan da.
XXV. Okelar anaiak bertso-paper lehiaketaren sari banaketa hilaren 19an Mutrikun ospatuko duten Santo Tomas azokan egingo dute, 13.00etan udaletxeko areto nagusian izango den ekitaldi batean, hain zuzen ere.
Edonola ere, sari banaketa ez da 25 urte bete dituen bertso-paper lehiaketaren inguruan hilaren 19an egingo duten ekintza bakarra.
Aurkezpena eta bazkaria Mutrikuko Bertso Eskolak Okelar: Ahotik paperera izeneko liburua aurkeztuko du azoka egunean, 13.30ean udaletxean.
Lan horretan bi luburuxka bildu dituzte. Batean, Roman eta Modesto Okelar anaien bizitza eta bertsoen berri ematen da (DVD eta guzti) eta bestean bertso-paper sariketako lan irabazleak bildu dituzte.
Jaieguna amaitzeko, Amets Arzalluz eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin bazkaria izango da Lagun Artea elkartean. Prezioa 18 eurokoa da (9 euro 18 urtetik beherakoentzat eta langabetuentzat) eta interesatuek Iñigo Belen argazki dendan, Osinalde harategian eta Subeltz tabernan eman dezakete izena.