Oiartzun. Euskararen kale erabilera %62koa da Oiartzunen. 2008an Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren emaitzek hala diote: herrian ematen diren hamar elkarrizketetatik sei euskaraz direla. Emaitza hauek asteazken arratsaldean jakitera eman ziren prentsaurreko batean.

Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko kideak agertu zituen datuak eta ondorioak herriko euskaltzaleen aurrean. Horrela, datu garrantzitsua da Oiartzunen mantendu egiten dela euskararen erabilera indizea; 2005eko neurketan beherakada gertatu bazen ere, berriro ere 2001eko datuen parean baitago. "Kezkatu gintuen beherakadak, baina esan genuen joera euskararen erabilera jaistea zela baieztatzeko datozen urteetako neurketetan errepikatu behar zuela fenomenoak".

Jabi Elizasu Euskara zinegotziak aipatu zuenez, "interesgarria da horrelako neurketak egitea, euskarak non dituen hutsuneak eta zein taldetan eragin behar den argitzen baitu". Udaleko Euskara sailak bi gunetan zehaztu du inziditu beharra: gazteen artean (14-24 urte) eta guraso euskaldunen artean.

Auzoka Datuei erreparatuz, Elizalden hitz egiten da gehien euskaraz (%68,5) eta Arragua-Iturriotz-Ugaldetxo eremuan gutxien (%44). Karrika-Altzibar-Gurutze eremuan elkarrizketen %56,4 da euskaraz.

Emakumeen artean gehiago hitz egiten da euskaraz gizonezkoen artean baino (%64 emakumeen artean; %58 gizonezkoen artean). Horrez gain, haurrak dira euren artean euskaraz gehien egiten dutenak (%80) eta adinekoak gutxien (65 urtez gorakoen %47).