Tolosa. Arrate Iturbek (Tolosa, 1983) Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Nafarroak Unibertsitate Publikoan eta hiru urte daramatza Tolosako landa guneko dinamizatzaile lanetan. Askotan "zirikatzaile" lana egitea tokatzen zaiola aitortzen du, baina auzotarrekin mantentzen duen harreman zuzenak erabat betetzen duela dio.

Tolosaldeko Landa Garapen Elkartearen, Tolomendiren baitan lan egiten duzu. Zein da zure eginkizuna?

Berpiztu programa aurrera eramaten ari gara. Auzotarren eta udaletxearen arteko lotura sendotzea da helburuetako bat eta bigarrena landa eremuko gune hauek bizirik mantentzea. Zirikatzaile lana egitea tokatzen zait. Lehenengo ardura auzo bakoitzeko diagnosia egitea izan da auzoko "argazki" orokor bat eginez eta, ondoren, behar handienak identifikatu ditugu lehentasunak finkatuz.

Eta gaur egun zein dira landa guneko auzotarrek dituzten beharrak?

Bedaio, Aldaba, Auzotxiki, Urkizu eta Monteskue auzoak aintzat har-tzen ditugu Berpiztu programan. Orokorrean, auzoko bilgunea izatea izan da eskari nagusia Urkizun, Auzotxikin eta Aldaban. Bestelakoan, zenbait gunetan uda garaian urarekin arazoak izaten dira eta hori oinarrizko beharra da. Eskaera askok mugikortasunarekin zerikusia dute eta oinezko bideak galtzearen inguruan ere kezka handia dute. Interneterako sarrera bermatzea ere eskatzen zuten, esaterako, Aldabako Ugane auzora iristea oso zaila zelako geografikoki. Nahiz eta landa gunean bizi, hiri guneko herritarrek dituzten behar berak dituzte.

Bedaio, esaterako, Tolosako erdigunetik 17 kilometrora eta naturaren erdian kokatzen da. Ba al dute landa auzoetako bizilagunek Tolosarekiko loturarik?

Auzoarekin identifikazio maila handia dute eta aldarrikapenak egiten hasi dira pixkanaka. Tolosarrak ere sentitzen dira, baina uste dut lehenago auzotarrak direla. Kalean bizi den jendearekiko errealitate ezberdinak bizi dituzte eta hori nabarmena da.

Biztanle asko galtzen joan dira landa auzo hauek azken urteetan?

Batzuetan belaunaldien erreleboa gertatu da, baina beste batzuetan ez. 2006ko erroldaren arabera, Aldaban 72 auzotar daude, Urkizun 43, Auzotxikin 72, Monteskuen 42 eta Bedaion 83. Urkizun eta Bedaion haur dezente dago.

Etxebizitzak berriak egitea aurreikusten al da?

Tolosako Plan Orokorrak aurreikusten du bai Bedaion, Urkizun eta Aldaban. Ez dakigu noiz eraikiko diren, baina behintzat atea zabalik dago. Honek etorkizuna bermatzen du eta gazte jendea bertan geratzea eta berriak etortzea ahalbidetu. Gainera, garapen hori ematen den heinean, azpiegitura gehiago sortuko dira auzoentzat. Orain, gainera, baserri batean bi etxebizitza egin ahal izateko erraztasun gehiago eskainiko zaizkie.

Iristen al zaizkie diru laguntzak?

Orain arte ahaztuta zeuden, baina orain udaletxean nahiko sentsibilizatuta daude. Hala ere, askotan inbertsio handia behar ez duten obrak egiteko denbora asko behar izaten da. Garrantzitsua da aipa-tzea aurrera egiteko auzotarrek beren kabuz egiten duten lana; ingurumenarekiko sentsibilizazio eta gertutasun handia dute. Ezinbestekoa da egiten duten lan hau kontuan izatea.

Baserritik asko bizi dira?

Dedikazio osoan oso gutxi daude, askotan jarduera osagarria da. Aldabazaharren elkartea dute eta ahuntz gazta egiten dute. Lopetegin limousin arrazako ganadua dute eta punta-puntan ibiltzen dira lehiaketetan, Bedaion gaztandegia dago Illorreta baserrian... Itxaropentsu daude gazte asko. Nik uste dut baserriak ezin duela desagertu eta egoera bere honetara etorriko delakoan nago. Agian, beste alternatiba batzuk begiratu beharko dira. Esaterako, etxez-etxeko salmenta zuzena probatzen ari dira eskualde batzuetan.

Hiritarrek landa inguruko biztanleak estereotipatuta dituztela uste duzu?

Baietz uste dut. Beti egon da gutxieste zentzu bat landa guneko jendearekiko eta ez dut justua ikusten. Segurtasun eza nabarmentzen da batzuetan landa guneko jendearengan. Ni harro egongo nintzateke baserritarra izango banintz.

Zer nolako esperientzia bizi duzu auzotarrekin izaten duzun harremanean?

Lan honek eman didan hoberena da. Beti ateak parez pare zabaldu dizkidate; baita ezezaguna nintzenean ere. Sukaldean kafesne-zopak eskaini eta lau orduz hitz egiten aritu gara askotan. Etxekoa bezala hartu naute. Gaur egun kaleko zein lekutan zabaltzen dizkizute etxeko ateak horrela? Zentzu honetan, gizatasun handia somatu dut eta asko dut eskertzeko.