Eibarko entrenatzailea, Iñaki Goikoetxea, ez zen itzulinguruka ibili, igande honetan, 12:00etatik aurrera, Zubietako instalazioetan aurkari izango duten taldearen kalitate bikaina nabarmentzeko orduan: “Reala urte aparta egiten ari da, eta talde bikaina du, sekulako lehen itzulia egin duen Edna galdu arren. Esate baterako, joan den astean 0-2 ederki asko irabazi zioten Sevillari (etxetik kanpo) hura gabe”, horregatik, bere taldea, Eibar, ezin omen da fidatu.

“Hala ere, estu hartuko ditugula iruditzen zait”, azaldu zuen talde armagineko entrenatzaileak. “Gainera, jokalariak derbirako gogo handiz sumatzen ditut; eta ez bakarrik hemengoak, baita kanpotik etorritakoak ere, energia horretaz kutsatu direlako. Taldea oso motibatuta dago ” aipatu zuen, Zubietan irabazteko itxaropentsu agertu zen Iñaki Goikoetxeak.

Eibarrek ez du aparteko helbururik Realaren aurkako derbi gipuzkoar horri begira. Jokalariek Lehen Mailari eutsi nahi diote ahalik eta lasterren. “Gure helburu nagusia salbazioa izango da beti, eta jaitsierarekiko hamaika puntuko aldea izan arren, horixe izango da beti gure lehentasuna. Gero, hobetzeko tartea dagoenean, beti jartzen ditugu bestelako mikro-helburuak; baina helburu nagusi horrek izan behar du beti gure lehentasuna eta, jakina, ea lehenbailehen lortzen dugun ”, azpimarratu zuen entrenatzaile gipuzkoarrak.

Talde armaginarentzat arerio beltza izan ohi den eta Ipuruan haien kontra 1-3 galtzetik datorren Madril CFFren aurkako azken partida erreferentziatzat hartuta, honakoa esan du entrenatzaile armaginak: “igandeari begira, lehenik eta behin, ez gaitezen erotu. Ondo dakigu aurrean zein talde izango dugun; gu gurea ondo egiten ahaleginduko gara, eta beraien indarguneak oztopatzen”.

Ibilbide orria Nolanahi ere, Iñaki Goikoetxeak aitortu duenez, Eibar ez omen da denboraldi honetan ezarritako ildotik aldenduko, nahiz eta Gipuzkoarren arteko lehia honetan, joan den urrian Ipuruan 0-3 nagusitu zitzaien F Ligako hirugarren sailkatuaren aurka jokatu: “Une honetan, orain arte ondo egin dugunari eustea izango da gure ibilbide orria, hutsegiteak zuzendu eta igandean irabazten saiatzea, sekulako gogoa baitugu ligan derbi bat irabazteko”.

Aurrez aipatu bezala jaitsierarekiko hamaika puntuko tartea zabalduta sailkapenean hamabigarren postuan daudenez, derbiaren erronkari lasaitasunez aurre egiteko moduan dira.