F Ligako gipuzkoarren arteko derbia unerik onenean iritsi zaio Realari. Sailkapenean hirugarren da, Europako postuetan, Realak baino partida bat gehiago jokatuta bigarren den Real Madrilengandik lau puntura, eta laugarren dagoen Tenerifekiko sei puntuko aldea duela. Argi dago beraz, gipuzkoarrak oso une gozoan dira, nahiz eta jokalariek ondo gogoan izan, derbietan edozer gerta daitekeela.
Nahia Aparicio jokalariak aipatu duenez, Liga txapelketako lehen itzulian Ipuruan Eibarri 0-3 irabazi arren, “gauzak oso argi dituen taldea da. Defentsan talderik onenetakoa dela esango nuke”. Gainera, Tolosako zentralaren esanetan, “tentu handiz zaindu beharko dugu baloia, galera horiek oso ondo baliatzen dituztelako, trantsizioko jokaldietatik bizi baitira. Beraz, galdu bezain pronto berreskuratzen saiatu beharko dugu, eta pazientzia handiarekin jokatu. Nire ustez, pazientziaz jokatu, adi egon eta gure jokoa egiteko gauza izanez gero, aukerak agertuko dira; eta ea gola sartzeko gauza izaten garen, zenbat eta azkarrago, hobe”. Errezeta horixe baliatu nahiko luke, sailkapenean hirugarren den Atletico Madrilek baino gol gutxiago jaso dituen aurkariari irabazteko.
Emma
Bestalde, abenduaren 14an Zubietan Deportivo 3-0 egurtu zuten Realaren azken partidan gola sartu zuen Emma Ramirezek aitortu duenez, orain arte denboraldi bikaina biribiltzen ari direlarik, Champions Leaguea jokatzeko sailkatzea omen da Arturo Ruizek zuzentzen duen taldearen helburua. “Horrekin asko ez itsutzen ahalegintzen bagara ere, gezurra esango nizuke sailkapena ikusten dudan bakoitzean Txapeldunen Liga jokatzearekin amets egiten dudala onartuko ez banu. Taldean helburu horixe izan dugu denboraldi hasieratik, eta are gehiago egindako lehen itzuliaren ondoren ”, esan du kataluniarrak. Hegaleko txuri-urdinaren ustez, “konstantzia beharko dugu bigarren itzulian helburu horri eusteko eta amesten dugun postu horretan amaitzeko. Lehen itzulian bezalaxe jarraituz gero, egunez egun gogor lan eginez, uste dut lortu ahal izango dugula”.