Aurreko astean Eldenseri Ipuruan nagusitu ondoren, Eibarrek Mirandesi irabazi nahi dio gaur etxetik kanpo play-off postuetan gora egiteko (21: 00etan). Talde gipuzkoarra zazpigarren postuan dago hamabost punturekin, eta beste hainbeste ditu armaginen gainetik dagoen Mirandesek.
Slavy
Eibartarren entrenatzaile Joseba Etxeberriak Slavy aurrelaria eskura izango du partida honetarako, aurrekoa ez baitzuen jokatzerik izan Bulgariako 21 urtez azpiko selekzioarekin deituta zegoelako.
Jon Mikel Magunagoitia atezaina ere zelairatzeko prest izango du, hainbat astez lesionatuta egon ondoren aurreko asteko deialdian sartu baitzen. Hala eta guztiz ere, itxura guztien arabera Fuzato brasildarrak jarraituko du armaginen atean titular izaten.
Beraz, lesionatuta dituen jokalari bakarrak Jon Guruzeta eta Angel Troncho dira, eta gainerako jokalari guztiak Etxeberriaren zerrendan sartzeko moduan leudeke. Litekeena da gainera, Etxeberriak aurreko astean estreinatu zuen sistema berritzailearen aldeko apustua egitea, hiru erdiko atzelarirekin jokatu zuen eta eraginkorra izan zen, garaipena ekarri baitzion Eldenseren aurka.
Hala balitz, atzealdean Chema Rodriguezek hasieratik jokatzen jarraituko luke, Arambarri eta Arbillarekin batera. Zelai erdian Sergio Alvarezek badu Matheusekin batera hasieratik zelairatzeko aukera, Peru Nolaskoainen lekuan.
Oso zelai aproposa da Anduva Eibarrentzat, azken hiru bisitetan puntuak urratzea lortu baitu; azken bi denboraldietan, gainera, garaipena lortu du, eta oraingo honetan ere, hirugarrenez jarraian, hiru puntuak eskuratu nahi ditu.
Norgehiagoka berezia izaten da urtero talde bi hauen artekoa zalegoak senidetuta daudelako, eta festa giro ederra ziurtatuta egoten da harmailetan.
Mirandes
Etxeko taldeak animoz gainezka hartuko du Eibar, aurreko igandean Burgosen aurkako derbian garaipen garrantzitsua lortu ondoren. 0-1 irabazi zuen Mirandesek Hugo Rinconek sartutako golari esker.
Oso garaipen garrantzitsua izan zen eurentzat, hiru puntu baliotsu eskuratzeaz gain, emozioz beteriko derbian nagusi izan zirelako. Une erabakigarrietan lehiatzeko gaitasuna baduela berretsi zuen talde gorritxoak, are gehiago denboraldia zailtasunez josita hasi ostean. Oker handirik ezean, Burgoseko taldearen hasierako hamaikakoan izango dira Izeta eta Jon Gorrotxategi jokalari gipuzkoarrak.
ATARIKOA
MIRANDÉS Raúl Fernández; Hugo Rincón, Juan Gutiérrez, Tachi, Tomeo, Julio Alonso; Reina, Gorrotxategi, Lachuer; Izeta, Panichelli.
EIBAR Fuzato; Arbilla, Arambarri, Chema Rodríguez; Corpas, Sergio Álvarez, Matheus, Cristian; Alkain, Bautista, Puertas.
Epailea Fuentes Molina (Valentziako batzordekoa).
Ordua/estadioa 21.00etan/Anduva.