Síguenos en redes sociales:

Bigarren maila

Eibar, aire fresko eta ilusio berriekin

Eibar, aire fresko eta ilusio berriekinSD Eibar

Eibar – Larunbat honetan Castelloren aurka Ipuruan hasiko den denboraldia “ilusioz beteriko” proiektua omen da Joseba Etxeberria Eibarreko entrenatzailearen esanetan, eta ondo hasteko garaipena eskuratzea besterik ez omen du buruan.

“Ilusioz gainezka gaude. Egia da aurreko denboraldian kolpe latza jaso genuela igoera lortu ezinda, baina oso une politak bizi izan genituen eta ondo pasa genuen”, esan zuen entrenatzaileak Ligako lehen jardunaldiaren atariko prentsaurrekoan.

Aurten “aldaketa asko” izan direla onartu zuen, taldearen ia erdia “jokalari berriak” direla, eta horrek “aire freskoa eta ilusio berriak” ekarri dituela aipatu zuen.

“Doikuntza ugari egin ditugu eta iritsi da burututako lana erakusteko unea, helburu nagusia beti presente izan dezagun. Oso talde indartsua osatu dugu, eta hemendik merkatu amaierara arte hobetzen saiatuko gara”, adierazi zuen.

Eibar “talde ona izango dela” ziurtatu zuen Etxeberriak, anbizio handikoa.

Entrenatzaile gipuzkoarra pozik azaldu zen denboraldiaurrean ikusitakoarekin; orain, jokalari berrien “bilakaera” ikusi beharko omen da.

Ideia orokorra iazkoaren oso an-tzekoa da, taldeak nola jokatzea nahi duen “oso argi” duelako. “Barrualdeko jokoan pittin bat ahulagoak izanda ere, bertikalagoak, dinamikoagoak eta sakonagoak izan gaitezke. Defentsarako erabateko konpromisoa behar dugu. Bide horretan gogor gabiltza lanean” zehaztu zuen.

Ez zuen baztertu beste fitxaketaren bat edo beste egitea, “merkatuko azken segundora arte erne egon behar delako”, eta Eibarrek “talde bikaina” duela azpimarratu arren, kluba beti saiatuko omen da hori hobetzen.

“Irteerei dagokienez lasai nago, jokalariek oso klausula altuak dituztelako. Jokalari garrantzitsuren bat joatekotan, klubari mesedegarri iruditzen zaiolako izango da”, gaineratu du.