Donostia – 46 punturekin Bigarren Mailako hirugarren postuan dagoen Eibarrek, 50 puntu pilatuta sailkapeneko buru den Leganesi egingo dio bisita gaur (21.00etan).

Talde gipuzkoarrak lehenbailehen ahaztu nahi du joan den astean Ipuruan jasotako porrota, azken bi minutuetan markagailua iraulita, hiru puntuak eta igoera zuzenerako postua kendu baitzizkion Espanyolek.

Horretarako, Leganes liderraren zelaian, Butarquen, irabaztea baino gauza hoberik ez legoke. Pepineroek hamahiru jardunaldi daramatzate jarraian etxean puntuak batuz, beraz, armaginek ez dute lan erraza izango.

Partida garrantzitsu horri aurre egiteko ia jokalari guztiak jokatzeko moduan izango ditu Joseba Etxeberriak. Azken deialdietan sartu ez den Konrad de la Fuente, aste honetan ongi entrenatu da eta zerrendara itzul daiteke. Gauzak horrela, zalan-tzan legokeen bakarra Rober Correa izan daiteke, azken jardunaldi hauetan ez delako deitua izan.

Aurrekariak aztertzen hasiz gero, 35 partida ofizial jokatu dituzte gaurdaino talde biek elkarren aurka. Horietatik hamaika Leganesek irabazi ditu, hamalau berdinduta amaitu ziren eta beste hamarretan Eibar nagusitu zen. Azken 22 partidetan, bakarra erabaki da bi gol baino gehiagoko aldearekin. Eta azkena jokatutakoa, lehen itzulikoa, Leganesekoek irabazi zuten 0-1, Julian Chicco argentinarraren golari esker. Leganesek dagoeneko badaramatza 17 jardunaldi jarraian lidergoan. Galduz gero, eta Espanyolek etxean Huescari irabaziko balio, lehen postua partekatu beharko luke.

ATARIKOA

LEGANÉS Miramón, Jorge Sáenz, Sergio González, Franquesa; Raba, Neyou, Undabarrena, Portillo; Miguel de la Fuente eta Diego García.

EIBAR Luca; Tejero, Berrocal, Arbilla, Ríos Reina; Nolaskoain, Matheus, Aketxe; Mario Soriano, Stoichkov eta Bautista.

Epailea Arcediano Monescillo (Gaztela-Mantxako elkargokoa).

Ordua/estadioa 21.00etan/Butarque.