Amaia Gorostiza klubeko presidentea eta Cesar Palacios kirol zuzendaria lagun izan zituen Juan Carlos Arana aurrelariak Ipuruako aurkezpen ekitaldian. Bertan adierazi zuenez, “Eibarren hazi egin naiteke, eta nire umiltasunetik eta lanetik taldeari hazten lagun diezaioket”.

“Eibar klub historikoa da. Hasiera-hasieratik jabetu naiz ni hazteko leku aproposa dela, eta umiltasunetik lana eginda, nik ere taldeari lagun diezaiokedala. Oso pozik nago tratua azkar eta erraz egin zelako”, onartu zuen.

Ildo horri jarraituz adierazi zuen Las Palmaseko jokalariak, “lehen egunetik topatu dut oso familiarteko giroa, eta oso gustura sentitu naiz. Taldekideak arduratu dira bikotekidea eta biok non egongo ginen antolatzeaz, eta horrek harritu egin ninduen. Xehetasun horiek kontuan izaten ez diren aldagela gazte batetik nentorren, eta biziki eskertu diet; gainera, ikasteko ere balio izan dit, jokalari berriren bat etortzen denean neuk ere halako harrera eskaintzeko”.

Nolanahi ere, Aranaren hitzetan, “gogotsu eta ilusioz gainezka nator, talde handi batek estreinakoz izan baitu nigan konfiantza. Lehenik eta behin, ahalegin guztiak egingo ditut, eta tokatzen zaidan roletik ekarpenak egin. Nire jokoari dagokionean, erasoan espazioak sortu eta sakon-tzeko ahalmena eta baloiari bizkarrez eusteko gaitasuna nabarmenduko nituzke. Aurrelari osoa naizela esango nuke, eta entrenatzaileak behar duenera egokitzeko ahalmena izango dudala”. Antzekotasunik aipatzerako orduan, gaur egun talde armaginaren golegilerik nagusiena izendatu zuen: “Nire burua definitu dudanez, Stoichkovekin identifikatuko nintzateke; posizio guztietan mugitzen da, hegaletan jar dezakezu, puntan, erdian, eta beti maila handia ematen du. Futbol profesionalean tokatzen zaizun tokian eta ahalik eta gehien laguntzen jakin behar da.

Ipuruan izan da Eibarko zelaian izandako esperientziaz ere min-tzatu zen Juan Carlos Arana: “Igandean sekulako giroa bizi ahal izan nuen Ipuruan; zelai gutxitan bizi izan dut hori kanpotik, eta barrutik bizitzeko deseatzen nago. Ea zelai barruan gertatzen den guztia ona izaten den”. “Lehen egunetik nabil ikasketa prozesu azkarrean, guztia xurgatzen. Lagun-tzeko etorri naiz, eta misterrak bihar bertan behar banau, prest egon nahi dut. Eta datorren astean bada, datorren astean izango da”, esan zuen.

Bestalde, Gorostizak Eibarren egoera izan zuen hizpide: “2023 ondo hasi dugu, lidergoan kokatu gaituen Ipuruako garaipenarekin. Pertsonalki ez naiz horretan pentsatu zalea, baina ezin ukatu oso atsegina denik gu hor ikustea. Dinamika honekin jarraitu eta merezi dugun saria lor-tzea nahiko nuke.