Gipuzkoa ezagutzeko modu atsegin eta jasangarria da bizikleta, lurraldean zehar egokitutako hainbat bide berdeei esker. Hona hemen, lau proposamen:  

Leitzaran, paradisu naturala

Leitzaran-Plazaola bide berdeak Gipuzkoa eta Nafarroa arteko ibilbide erakargarrienetako bat eskain-tzen du. Meatzarien eta bidaiarien trenbidearen bidetik doa, Iruñea eta Donostia artean, eta benetako santutegi natural batean dago. 27 kilometrotan zehar tunel ugari zeharkatzen dituenez, horietako bat bide berde guztien artean luzeena, 3 kilometro ingurukoa, Andoain eta Leitza artean, gomendagarria da bizikletan edo frontal batean argia eramatea.

Urolako bide berdea

Garai batean Zumaia eta Legazpi lotzen zituen bidaiarien trenak egiten zuen ibilbidearen tarte bat berreskuratu du bide berde honek, ia 44 kilometroko luzera duena. Ibilbideak 29 tunel eta 19 zubi eta zubibide zeharkatzen ditu. Ibilbide hau egokia da bai kirol zaleen-tzat bai haurrak dituzten familientzat. Naturaz gozatzea eta interes handiko tokietara bisita egitea uztartzeko aukera eskaintzen du. Hala nola, Zumarragako Antioko baseliza, Legazpiko Mirandaolako burdinola, Azpeitian Trenbidearen Euskal Museoa edo Loiolako Santutegia, eta Azkoitiko Jorge Oteiza frontoiak, besteak beste.

Zumarragako Antioko baseliza, Urolako bide berdearen ibilbidean dagoena Asier Zaldua

Ibilbide ahaztezina

Bidasoako bide berdeak Tren Txikitoaren ibilbidearen zati handi bat berreskuratzen du (Elizondo-Irun), eta 39 kilometroko ibilbide ahaztezina eskaintzen du Gipuzkoako eta Nafarroako herri ederretan barrena, Bidasoa ibaiaren ertzean. Gipuzkoako zatiak, Irun (Santiago Zubia) eta Endarlatsa artekoak, 11 kilometro ditu, baina Doneztebera (Nafarroa) hel daiteke, guztira 28 kilometro egin arte.

Beasaindik Tolosara

Goierriko udalerri honetatik has gaitezke, Ordizia zeharkatuz Itsasondo aldera. Laua eta erosoa da bizikletan ibiltzeko. Ibilbideak historiaz beteriko udalerriak zeharkatzen ditu, laborantza-soroak, fruta-arbolak, baserriak, baratzeak eta belardiak, zuhaizti hostotsuak eta fabrikak eta lantegiak, eta horrek erabilera anitzeko komunikazio-bide bihurtzen du bidegorri hau: aisialdirako, lan-arrazoiengatiko joan-etorriak egiteko edo kirola praktikatzeko.