Síguenos en redes sociales:

Realak eta Eibarrek indarrak neurtuko dituzte EH Kopan

Bi taldeak aurrez aurre izango dira bihar Dulantzin (Araba)

Realak eta Eibarrek indarrak neurtuko dituzte EH KopanN.G

Realak eta Eibarrek Euskal Herriko Kopako finala jokatuko dute bihar (12.00etan, ETB). Txuri-urdinek eta armaginek Dulantzin (Araba) neurtuko dituzte indarrak, titulu bat jokoan dutela. Bi taldeentzat izango da datorren astean ligan debuta egin aurreko azken testa.

Realak iragan astean lortu zuen finalerako txartela, Alaves mendean hartuta (3-1); Eibarrek, berriz, arauzko denbora berdindu zuen Bilboko Athleticen aurka, eta penaltietan lortu zuen sailkapena (2-2).

Eibarren lehen aldia

Talde txuri-urdinak garaipena lortu zuen iaz Athletici penalti jaurtiketetan irabazita; Eibar, berriz, inoiz ez zen iritsi EH Kopako final batera.

Talde donostiarra denboraldiaurreko azken partidara heldu da asteazkenean Sentimendu Kopan Adeje Teneriferen eta Osasunaren aurka hirukoa jokatuta.

Hain zuzen ere, Arturo Ruizen taldeak eta Eibarrek elkarren aurka jokatu zuten denboraldiaurre honetan, Lakuntzan, 45 minutuko norgehiagoka batean, golik gabe amaitu zena. Armaginek bi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot lortu dituzte prestaketa gisa jokatu dituzten partidetan.

Gutxiagotik gehiagora

Arene Altonaga Eibarreko kapitainaren ustez, taldeak behetik gora egin du lehen aste hauetan. “Emaitzak alde batera utzita, izaten ari garen sentsazioekin geratu behar dugu; behetik gora egin dugu, eta taldea oso ondo ari da lanean” . Biharko partidari begira, kapitainak uste du triangeluarraren norgehiagokak ez duela adibide gisa balio; izan ere, “zaila da aurkariak nola jokatuko duen jakitea, denboraldiaurrea gauzak probatzeko baitago, eta guk bezala, haiek ere probatu dugu”.

Edna, zalantzan

Talde txuri-urdinean, Arturo Ruizek, partida honek bere jokalariak ilusionatzen dituela adierazi du. Talde txuri-urdinak bere erreferentzia izango denaren zalantza izango du, Edna.