Pasa den abenduaren 16an madrildarrek PSGren aurka jokatu zuten Champions Leagueko partida zela eta, 13. jardunaldiari zegokion atzeratutako norgehiagoka, Realak Alfredo di Stefano futbol-zelaian jokatuko du gaur (21.00etan) Real Madrilen aurka.

Aurreko jardunaldian Sporting de Huelva 4-0 jipoitu ondoren zalantza ugari uxatuta egingo dio aurre partidari Realak, nahiz eta hiru gol norgehiagokaren azken txanpan sartu. Natalia Arroyok horri ere balioa eman nahi izan zion atzoko agerraldian: “Garran-tzitsua zen irabaztea, puntuak batu behar direlako, eta gauden egoeran sentsazioak batzearekin nahikoa ez delako. Azken partida horrek konfiantza berretsi digu, zama handia daramagulako”, adierazi zuen.

Zuriei egin beharreko bisita ez da batere erraza izango. Madril hirugarren postuan da 40 punturekin, Realak baino 15 puntu gehiago ditu beraz, partida bat gutxiago jokatu arren. “Real Madril partida batzuetan sendo nagusitu da fisikoki oso ahaltsuak direlako; beste batzuetan, ordea, ez dira hain eroso ibili eta sufritu egin behar izan dute”, esan zuen. Jarraian aipatu zuenez, “gauzak ondo eginez gero”, bere taldea “ezustean harrapatzeko gauza izango gara”.

Aurkaria

Gainera, talde txuri-urdinak “sentsazio onak berpiztuta” eta “irabazteko gaitasuna duela” sinetsita egingo dio aurre norgehiagokari. “Championseko toki hori ez galdu nahi izateak presio handia eragingo die. Gu inork kontuan hartzen ez gaituenez, pausoz pauso joango gara”, zehaztu zuen.

“Valdebebasen irabaztea posible dela konbentzituta goaz. Ez litzateke aurreneko aldia izango” aipatu zuen, iazko garaipena gogora ekarriz (0-1).

Gauza jakina da, une honetan Reala ez dagoela sailkapenean espero zen lekuan, baina bigarren itzuli honetan taldeak gora egin eta bere potentzialarekin bat datorren mailara iritsiko dela uste du Natalia Arroyok, eta emaitza positibo batzuk pilatuz gero baita Europako postuetara hurbildu ere.

“Partida guztietan lehiakor izan gara”, azpimarratu zuen; nahiz eta onartu, egon nahiko zuketen lekutik “urrun” daudela.

Hala ere, mezu argia zabaldu nahi izan zuen: “Txapeldunen Liga ez da betebeharra guretzat. Ezin dugu normalizatu. Iazkoa historikoa eta apartekoa izan zen”.

Partidari dagokionean, Realak ez ditu jokatzeko moduan izango Cecilia Marcos eta Gaby venezuelarra, biek iraupen luzeko lesioak dituztelako.